KUDEAKETA PUBLIKOAREN ALDE PRIBATIZAZIORIK EZ!

Jakina da azken hamarkadetan administrazio ezberdinetan sektore pribatuaren mesedetan kudeaketa publikoak izan duen gainbehera. Horrela, eta neoliberalismo basatiari men eginaz eskuinak zerbitzu publiko ugari pribatizatu ditu. Ondorioz, eremu publikoak boterea galdu du eta bide batez ustelkeria politikoari ere bidea erraztu zaio.

Gauzak horrela, zoritxarrez Zestoako Udala ere ez da salbuespena izan. 2003-2007 legealdian, EAJren alkatetza tarteko, kale garbiketa zerbitzua hamar urterako enpresa pribatu baten eskuetan utzi zuen udalak. EAJrekin lotura zuzena daukan “Serbitzu SL” enpresak jaso zuen saria eta hamarkada oso batean gure kaleen garbiketa esku pribatuetan egon zen. Hamar urteren ostean, Bilduren alkatetzari esker garbiketa zerbitzuaren ardura berriro udalaren eskuetara pasa zen, lanpostu eta zerbitzuaren kontrol guztia berreskuratuaz.

Legealdiaren erdira iritsi garenean, EAJk oraingoan herriko argiteria publikoaren kudeaketa pribatizatu nahi du eta horretarako bete beharreko tramite guztiak betetzear dago Zestoako Udala. Aitzakia, herriko argiak sistema arruntetik “led” sistemara aldatzeko erabakia izan da. Bere garaian, Energiaren Euskal Erakundeak (EVE) lagunduta argiteriaren zati bat jada aldatua dagoela esan behar da eta Udal Brigadak aldaketa gauzatzeko inolako arazo teknikorik ez duela ere gauza jakina da. Adibidez, Azpeitian dagoeneko berritze lanak hasiak dituzte eta lanaren tamaina Zestoan baino bost bider handiagoa izanagatik, udaletxeko langileak inolako arazorik gabe ari dira lanean. Bide batez, kanpoko enpresa bati lana emateko egin beharreko burokrazia gastu guztiak ekidinaz.

Ondorioz, udal brigada behar bezala doitu eta plangintza zehatz bat eginda, Zestoarentzat askoz onuragarriagoa izango litzateke orain arte bezala argiteria Udalaren eskuetan izatea. Sistema berriarekin energia ugari aurreztuko denez, hortik sortutako onura ekonomikoak herriarentzat beharko luke eta ez enpresa pribatu batentzat. Eta inolako kontsentsu eta azterketa publikorik egin gabe, EAJk ezarri nahi digun erabaki honek, energia bezalako arlo estrategiko baten kontrola pribatizatzearekin batera, udal lanpostu publikoen galera ere suposatuko du.

Ikuspegi demokratikotik ere, gutxienez hamar urtetarako argiteria publikoaren kudeaketa enpresa pribatu bati eskeintzea benetan onartezina da. Legealdia amaitzeko bi urte gelditzen direla kontutan hartuta, neurri honek ondorengo bi legealdiak ere hipotekatzen ditu eta gure ustez datozen legealdietan hartu beharreko erabakiak ondorengoei dagozkienez, EAJ ez da inor antzeko neurri bat herritar guztioi eta ondorengo bi legealdietako udal arduradunei ere inposatzeko.

Jakin badakigu, EAJk eremu estrategikoetako hainbat enpresa pribaturekin duen lotura zuzena, administrazio kontseiluetara begiratu besterik ez dago ate birakarien fenomenoa estatuan bezain hedatua dagoela hemen ere ohartzeko. Eta operazioari jantzi “legala” emateak ez du esan nahi antzeko neurriak bestela hartutakoak baino garbiagoak direnik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide