Albisteak

Lin Ton Taun: “Hainbeste denbora jo gabe egon ondoren agertokira irteteak urduritasuna sortzen du”

Lin Ton Taun agertorkietara itzuliko da sei urteko etenaldiaren ostean. Bihar emango dute aurreneko kontzertua Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Rodeo laukotearekin batera. Emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude, eta horrek “poza”, eta, aldi berean, “urduritasuna” ematen duela azaldu dute taldeko kideek.

Nolatan zarete bueltan?

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Udagoieneko Ostera jaialdian jotzeko proposamena egin ziguten. Interesgarria iruditu zitzaigun, sei urte generamanĀ  jo gabe eta animatu egin ginen. Kontzertu horren bueltan hasi ginen entseatzen eta beste bi kontzertu atera zitzaizkigun horrela: Azpeitikoa eta Tolosakoa.

Beraz, hiru kontzertu joko dituzue urtea amaitu aurretikā€¦

Rodeoko lagunek bota ziguten amua. Beraiek kontzertu batzuk itxita zituzten eta beraiekin jotzeko proposamena egin ziguten. Gu oso ondo sentitzen gara beraiekin jotzen, lokal berdinean entseatzen dugu eta oso gertukoak ditugu. Beraiekin jotzea opari bat da guretzat. Larunbateko kontzertua izango da aurrena. Udagoieneko Osteran ere izango gara Sua taldearekin batera azaroaren 19an, eta abenduaren 30ean Ezpalak eta Rodeoko kideekin Tolosan joko dugu, Bonberenean.

Noiz hasi zineten entseatzen?

Uda aurretik hasi ginen, ekaina aldera. Pare bat entsegu egin genituen orduan, eta irailetik aurrera hasi ginen berriz ere martxa hartzen.

Zer moduz sentitu zarete?

Ondo ikusi gara, oso gustura gaude denok. Azkenean bakoitzak bere bizitza dauka, eta berriro entseguetara itzultzea guretzat elkartzeko modu bat da. Aitzakia horrekin astero elkartzen gara.

Ze norabide hartuko du orain taldeak?

Oraingoz ez gara ezertara ixten, inertziaz funtzionatzen joango gara. Epe luzera agenda bat ixtea oso zaila egiten zaigu, sei gara taldean eta ez da erraza. Zestoan jotzeko sekulako gogoa dugu. 2013an eman genuen azken kontzertua herrian, Patana Fest jaialdian eta horren aurretik urte asko ziren ez genuela herrian bertan jotzen. Aurtengo festetan egin ziguten jotzeko proposamena baina azkarregi zen, denbora gutxi geneukan dena prestatzeko.

Bihar izango da lehen kontzertua, nola sentitzen zarete?

Pozik eta urduri gaude aldi berean. Hainbeste denbora jo gabe egon ondoren agertokira irteteak urduritasuna sortzen du. Rodeorekin joko dugu, eta guretzat oso berezia izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide