Albisteak
Lokalen erabilera etxe bizitzara aldatzeko ordenantza argitaratu du Udalak
— 2024-09-16Zestoako Udalak ordenantza berri bat onartu zuen uztaileko udal batzarrean: udalerriko zenbait eremutan merkataritzako lokalak etxebizitza bihurtzeko, betiere ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Neurri horrek hirigunean eta Arroabean dauden lokalei eragingo die batez ere. Hala ere, alde zaharreko lokalak, plaza nagusia, Laranjadi plaza eta Portale eta Gesalaga kaleak salbuetsita geratuko dira, gune horietan Udalak merkataritza-guneak mantentzea lehenesten baitu.
Zestoako biztanleek etxebizitza eskuragarria lortzeko duten zailtasun gero eta handiagoari erantzuten dio erabakiak, eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka eta prezio altuak direla eta. Mikel Arregi alkateak azaldu zuenez, Zestoak “tentsio handiko eremu” izendatzeko baldintzak betetzen ditu, eta horrek higiezinen merkatuko prezioak kontrolatzeko neurri gehigarriak hartzea ahalbidetuko luke. Gainera, gogorarazi zuen 2007an antzeko araudi bat ezarri zela, nahiz eta iraupen laburrekoa izan, eta oraingoan neurriak eragin handiagoa izatea nahi zuela adierazi zuen.
Ordenantzaren funtsezko puntuetako bat da etxebizitza bihurtzen diren lokalek alokairu-prezio mugatua izango dutela, eta ezingo dutela lokalaren balioaren % 3 gainditu, horrek errenta eskuragarriagoak bermatuko baititu.
Araudia aho batez onartu zen uztaileko udal batzarrean eta bertan agindu bezala irailan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Ordenantzaren xehetasun guztiak hurrengo dokumentua aurki daitezke: Bizitegi eraikinetan lokalen erabilera etxebizitzara aldatzeko jarduketak arautzen dituen Ordenantza
Egin zaitez bazkide