Urtarrila 2026
— 2026-02-04Irakurri 278. zenbakia hemen.

Goizean euria nahiko ondo portatu bada ere, lokatza izan dute bidelagun gaur Kobaz Koba Trailean parte hartu duten korrikalariek. Aurreko aldietan bezala, bi ibilbidetan barrena jokatu dira bi lasterketak: Artzei, 15 kilometrokoa, eta Zaldei, 30 kilometrokoa, aurreko urteetan baino lau kilometro luzeagoa.
Guztira, 495 kirolarik izena eman bazuten ere, hainbat arrazoi tarteko, gutxixeago izan dira irteera puntuan elkartu direnak. Hain zuzen, 214 izan dira Artzei ibilbidean eta 192 Zaldei ibilbidean, denera 406k parte hartu dute, beraz. Asko izan dira hitzordu berezia aprobetxatuta korrikalariak animatzera eta ikustera kalera nahiz mendira joan direnak, eta eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, giro bikaina izan da herrian.
Goizeko 8:30ean irten dira ibilbide luzea egin behar zutenak. Xirimiri apur bat egiten bazuen ere, probaren hasieran ondo eutsi dio eguraldiak. Hala ere, bi ibilbidetako parte-hartzaileak ez dira euritik libratu, eta lasterketaren zenbait zatitan euria eta lokatza izan dituzte lagun. Korrikalariek nahiko lan izan dute, beraz, minik hartu gabe helmugara iristeko.
Ibilbide luzean, Jokin Etxabe izan da lehena helmugaratzen, 02:26:18ko denborarekin. Bigarren postua Amets Aranberri herritarrarentzat izan da, 02:27:42ko markarekin. Emakumezkoetan, berriz, Jone Zenitagoia izan da azkarrena, 02:55:41ko denborarekin; bigarren Eneritz Aramendi azpeitiarra sailkatu da, aurreko urteko irabazlea, 03:06:01eko denborarekin.
Artzei ibilbide laburreko proba, berriz, 10:00etan hasi da. Gizonezkoetan, Ibai Angulok jantzi du txapela, 01:11:18ko denborarekin. Bigarren postua Mikel Usandizagarentzat izan da, 01:12:15eko markarekin. Emakumezkoetan, aldiz, Nerea Urteagak irabazi du proba, 01:12:15eko denborarekin, eta bigarren Irati Larrañaga izan da, 01:31:39ko denborarekin. Korrikalarien sailkapena eta denborak jakiteko, egin klik hemen.
Parte-hartzaile guztiak goitik behera lokaztuta iritsi dira helmugara. 13:30ak pasatxo zirenean egin dute sari-banaketa, eta irabazleez gain, borondatezko lana egin duten guztiei ere eskertza eman diete. Horrela, herrian hitzordu berezi bihurtu den ekimenari amaiera eman diote.
Hona hemen mendi lasterketan zehar ateratako argazkiak: