Paperekoa
“Lurpearen lilura”
— 2016-12-09Ramon Martijak eraztunaren aurkikuntza ia mirarizkoa kontatu zigun apirilean. Orain berriz, Amabiturrietako koban urriaren 8an izandako istripua. Hirurogeita hamar bat lagun elkartu ziren: Ertzaintzako erreskate taldekoak, espeleologiakoak… DYAk eta Gurutze Gorriak kanpalekua ipini zuten errepide nagusiaren alboan. Hamalau ordu egin zituen haitzulo barruan. Harriak bi hankak harrapatu zizkion; batean tibia hautsi zitzaion eta bestean orpoa kaltetu. Makuluekin, baina animoso hartu gaitu. Espeleologia du pasio.
Zuzen botata, hirurehun metrora zeunden. Nolako tokia da?
Sarrera oinez egiten da, erreka baten ondotik; ondoren, gorantz estugune batetik. Gero berriro bidea zabaldu egiten da. Galeria nahiko handi batean nengoen. Lohi asko zegoen, harriak ere bai, baina nahiko erosoa zen. Espeleolaguntzako kide naiz, eta istripua gertatu zenean, berehala irudikatu nuen nola joango zen guztia. Gutxi gorabehera, banekien zer gertatuko zen. Ez nengoen irteeratik urrun, baina estugunetik andak pasatzeko pasabidea zabaldu egin behar zen eta horrek atzeratu zuen dena. Leherketa txikiak egin zituzten harriak kentzeko, eta hori lan handia da. Hasierako une hartan sustoa hartu nuen, baina segituan neureganatu nuen egoera, eta ondo egon nintzen. Hasieran lagunekin, gero erizaina etorri zen, ertzaintza, janaria zegoen, edatekoa ere bai. Ingurua berotu zidaten, berriketan aritu ginen eta oroitzapen ona daukat.
Amabiturrietan zenbaterainoko bidea egitea lortu duzue? Zer egon daiteke han?
Eibarko taldekoek pasabide bat topatu dute eta egun hartan Jabier Manteca eta biok, Iñigo eta Igonerekin, ilusio handiz joan ginen. Aizarna aldeko eta Santa Engraziako urak hartu, Akoa zeharkatu eta Urola ibaira irteten da Amabiturrietako erreka. Sistema karstiko baten barruan dago. Aizarna aldetik sartu izan gara, baina ezin aurrera egin eta errekan gora saiatzea pentsatu genuen. Amabiturrieta oso interesgarria da: hidrologikoki erreka bat da, emari handia dauka eta hori esploratu eta, aldi berean, babestu egin nahi dugu.
Danbolinzulo haitzuloan duela hemezortzi mila urteko labar pinturak aurkitu zituzten 2015ean, Astuigainan eta Erlaitzen ere Paleolitoko garai bertsuko irudiak agertu ziren. Zenbat aztarnategi egon daitezke gure inguruan?
Gauza asko ari da agertzen eta esploratzeko asko dago. Ertxiñan adibidez, meazulo asko dago, haitzuloekin bat egiten dute, hori aberastasun handia da. Baina gu ez gara profesionalak. Pasio handia daukagu, baina asti askorik ez. Zeregin horietan, herrian, ez gabiltza asko.
Euskal Espeleologoen Elkargoa ere badago. Haitzuloak behatzera joan aurretik zer informazio izaten duzue? Nola moldatzen zarete?
Elkargoarekin eta taldeekin badugu harremana, Antxietakoekin ere bai. Arkeologia aldetik zerbait interesgarria topatzen badugu abisu ematen diegu, eta haiek guri ere bai. Baina bereizi egin behar dira arkeologia eta espeleologia. Aranzadiko informazioarekin, nolabait, berresploratzen ari gara, datu gehiago ateratzen eta berriak ere dezente aurkitu ditugu. Geologia, hidrologia, biologia, paleontologia… ikuspegi horiek hartzen ditugu kontuan. Haitzuloek gauza asko daukate, guk uste baino gehiago. Ikusten ez den eremua da mundu hori, baina ekologian garrantzi handia dauka. Gizakien isurketak jasaten dituzte eta asko eragiten diete. Amabiturrietan zehatz ez dakit zenbat tokitatik etorriko den ura, erreka handia etortzen da, bere bizia du, baina kutsatuta dago. Denek dakite, Aldundiak ere jakingo du eta Zestoako Udalak ere bai. Guk, ahal den neurrian, beti aldarrikatuko dugu gauza horiekin kontuz ibili behar dela. Ondarea da, herrikoa, denona. Gu laguntzeko prest gaude, instituzioekin elkarlana egiteko, geodibertsitate hori babesteko. Harremanak badaude, baina kontua makal doa.
Geologo bat ere baduzue taldean, Jabi Manteca. Zein da haren lana, hori guztia paperera pasatzea?
Fitxa hartzen dugu, izena, kokapena, ezaugarriak. Ahal dugun neurrian, espeleologian gero eta jantziago gaude eta Jabik gauzak interpretatzen asko laguntzen digu. Espeleologiak zientziatik asko du. Irakurtzen aritzen naiz, eta egin ditut ikastaro batzuk ere, baina ikusten dut pila bat dagoela ikasteko. Pasioa daukagu, bestela ez ginateke horrela ibiliko. Kirola da, baino askoz ere gehiago da, beste diziplina bat.
Lekeitioko Armintzan Paleolitoko grabatuak aurkitu dituzte. Aldundiak eman du berria eta espeleologoek esan dute, ez ziratekeela sekula aurkituko haien lanagatik izan ez balitz. Gutxietsi egiten dituztela bai teknikari funtzionarioek, bai biologo profesionalek eta baita arkeologoek ere. Nola ikusten duzu hori?
Euskal Herriko ia talde guztiak ezagutzen ditut, Gernikako ADES taldekoak ere bai. Gogoz egiten dugu lan, baina instituzioen partetik badaude hobetzeko gauzak. Denborarekin espeleologoen lana gehiago balioetsiko dela uste dut.
Erlaitzeko koba Ekaindik oso gertu dago. Orain hogei mila urteko zortzi animaliaren pinturak, orein zein zaldienak aurkitu orduko itxi egin zuten. Margolanak ikusteko benetan abila izan behar omen da, argiekin konbinazioak eginez. Gerta liteke hamabost aldiz sartu eta ez ikustea.
Bai, nik ikusi izan ditut aztarnak behin baino gehiagotan eta ez konturatu, gero jakin. Grabatuak ikusteko batez ere, zertan ari zaren jakin behar duzu. Antxietakoek horretan begi zorrotza dute. Horiek beste arlo batean aritzen dira. Gu esploratzera joaten gara, toki batetik abiatu eta aurrerantz egiten dugu. Azken finean, Erlaitz eta Danbolinzulo arkeologikoki oso interesgarriak dira, baina espeleologia aldetik oso motzak. Gu karst inguru baten barruan zer dagoen aurkitu nahian ibiltzen gara. Amabiturrietak asko dauka egiteko eta paleontologia ikuspegitik ere badaude hainbat gauza. Ez dakit zenbateraino emango duen.
Aizarnan bada ilargi esnezko ubide bat, “moonmilk”, hirurehun metroko gibbsita ibai zuria. Zu izango zinen?
Bai, aspaldi. Hor geratu da ez dakit zer balitz bezala, baina nik ematen diodan garrantzia ematen diot. Denborarekin herrian dagoen kuriositatea asetzeko modua egongo dela uste dut, ari gara lanean. Gure helburua da Aizarna inguruan meategiek eduki zuten historia eta balioa erakustea. Oinez bisitatzeko moduan ipini meazuloak, edo interpretazio zentro txiki bat ireki Aizarnan. Utzita dago dena. Ez dugu soilik pentsatu behar zeinen polita den Zumaiako flyscha kostaldean. Barrurago hemen gaude gu, sekulako baliabide naturalekin ezer egin gabe. Herritarrok eta instituzioek garrantzia eman behar diogu horri guztiari. Askotan pentsatzen dut, nik disfrutatzen dudan bezala zenbatek gozatuko luketen gure biodibertsitate honekin.
Erraz irudikatu dugu gure burua ubideez, haitzuloez eta urak egindako bideez Ramonek emandako azalpenak entzuten: ilargi esne ibaian kaltzita erori eta harri bihurtu beharrean esne-gain bihurtu zen…
Nagore Telleria
Egin zaitez bazkide