Albisteak

“Lurra oinarri, utopien bidean” Udaberriko Festa egingo dute maiatzaren 16an Amillubin

Maiatzaren 16an, larunbata, Udaberriko Festa egingo dute Amillubin, “Lurra oinarri, utopien bidean” lelopean. Egun osoko egitaraua prestatu dute, komunitatea, lurra eta kultura uztartzea helburu hartuta.

Goizean ongietorriarekin emango diote hasiera egunari, eta ondoren bi mahai-inguru egingo dituzte. Antolatzaileen hitzetan, bertan “utopia izatetik errealitate bihurtzen ari diren proiektuak gertutik ezagutzeko aukera” izango da.

Eguerdian bazkari agroekologikoa egingo dute, tokiko produktu ekologikoekin. Antolatzaileek adierazi dute “etorkizuneko elikadura ekoizpen duin eta jasangarrian oinarritu behar dela”, eta norabide horretan tokiko ekoizpena sustatzen jarraitu nahi dutela. Bazkarirako txartelak 10 eurotan jarriko dituzte salgai, eta haurrentzat 7 eurotan. Esteka honetan erosi daitezke jada.

Arratsaldean kultur emanaldiek hartuko dute protagonismoa. Oholtzara igoko dira Pobresiak, 1TZ4L1 3T4 P1ZTU, Berba Labanakaz eta Babarrunba taldeak, eta DJekin emango diote amaiera egunari. Arratsaldeko emanaldietarako sarrerak 10 eurotan izango dira, eta haurrentzat doakoak.

Egun osoan zehar umeentzako txokoa egongo dela ere jakinarazi dute: goizean zaintza zerbitzuarekin eta arratsaldean zirku tailerrarekin. Bestalde, ibilgailuak Iraetako futbol zelaiko aparkalekuan utzi beharko direla azaldu dute, eta handik Amillubira oinez joateko bidea seinaleztatuta egongo dela. Mugikortasun arazoak dituztenentzat garraio zerbitzua ere eskainiko dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide