Albisteak

Lurra ondasun kolektibo bilakatzeko helburuarekin ‘Amillubi lurra taupaka’ proiektua aurkeztu zen atzo

Biolur elkarteak sustatzen du egitasmoa eta Amilibia baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erostea izango da epe motzerako erronka, “herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izan ditzaten gure elikadura sistema indartzeko”.

Ilusioa eta emozioa eta urduritasuna usaintzen ziren atzo arratsaldean Azpeitiko azoka plazan egin zen “Amillubi lurra taupaka” proiektua aurkezpenean. Bi urte inguru daramatzate egitasmoa lantzen eta atzo bildutako jende kopuruak babesa adierazten zuen.

Nekazaritza iraunkorraren aldeko egitasmo berri bat aurkeztu zuen Biolur elkarteak. Aurkezpen lanak Ane Aranburu eta Lide Jimenez aizarnarrek eta Mirene Begiristainek egin zituzten. ‘Amillubi lurra taupaka’ proiektuaren bidez, Iraetako Amilibia baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko egitasmoa jarri dute martxan, “lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babesteko asmoz, eta lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzeko helburuarekin”.

Azpeitiko ekitaldiaren aurretik, proiektuari babesa eskaini dioten eragileekin argazkia atera zuten arratsaldean, Amilibiko lurretan. Han izan zen Mikel Arregi alkaeta eta baita Danbolin ere. Amilibiako lurrak meandro batean egoteak berezi egiten ditu, eta adituen ustez, balio agroekologiko handiko nekazal lur, belardi eta basoak ditu bere baitan: 25.000 metro karratuko nekazal eremua dauka, 15.000 metro karratu belardi naturala, eta 50.000 metro karratuko basoa, guztiak balio agroekologiko handikoak. Biolurren ustez, “ondare hau kalitatezko elikagaiak sortzeko babesteko aukera daukagu eskuartean”.

Ekiteko garaia

Atzoko agerraldian azaldu zutenez, “urtez urte, nekazal lurrak eta baserritarrak abiadura larrian galtzen ari garela ikusteak kezkatu egiten gaitu eta ekiteko garaia da”. Urola eskualdean abiatuko duten proiektuarekin nekazaritza aukera erreala dela erakutsi nahi da: “baserriei lotutako ekonomia-sare dinamiko bat garatzen jarraitu eta balorean jarriz herrietako zein hirietako biziari egiten dion mesedea”.

Diru-ekarpenak egiteko hainbat bide

Amilibia baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko urratsak eman nahi dituzte eta horretarako hainbat bitarteko prestatu dira. Guztira, 390.000 euro behar dituzte erosketarako eta baserria konpontzeko. Proiektuaren inguruko informaziorako webgune bat prestatu dute: www.amillubi.eus. Bertan jaso dituzte “Amillubi lurra taupaka” kanpainaren inguruko xehetasun guztiak, eta webgunera zuzenduta egin daitezke Amilibirako diru-ekarpenak ere, gaur bertan abian jarri duten crowfunding kanpainaren bidez. Izan ere, Biolur eta Coop57 fundazioaren lankidetzari esker, interneten euskarri berezia prestatu da diru-ekarpenak egin ahal izateko, honako helbidean: https://amillubi.coop57.coop/ . Crowfunding-aren bidez 150.000 euro bildu nahi ditu Biolurrek, baserria erosteko lehen ordainketak egin ahal izateko. Horrez gain, bono-laguntza formatuko bitartekoak ere prestatu dituzte ekarpenak jasotzeko. Horien artean, koadernoak, orri-markatzaileak, eta eskuz egindako platerak. Horiekin batera boletoak jarriko dituzte salgai eta Biolurreko ekoizle sarearekin lankidetzan, beraien produktuak erostean Amilibia proiektuari laguntzeko pegatinak ere diseinatu dituzte.

Lurzaindiaren lorratzari jarraituz

Proiektuaren helburu nagusia Amilibia ondasun kolektibo bilakatzea dela aipatu zuten eta horren bitartez honako bideak jorratzea: herritarrek bertako eta osasuntsuak diren elikagaiak eskuratzea, nekazariek lurrak modu duinean lantzeko aukera izatea, lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babestea, eta lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzea. Sustatzaileek honakoa azpimarratu zuten atzoko ekitaldian: “Amilibiak Euskal Herrian nekazaritza herrikoi eta iraunkorra eraikitzen parte hartu nahi du, iparraldeko Lurzaindiaren lorratzei jarraituz”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide