Albisteak

Malen Etxearen 15 urteko ibilbidea hizpide izan zen atzo Alonderon

Hamabost urteko jarduna egin du Malen Etxea emakume migratzaileen elkarteak Zestoan, eta urte hauetan egindako lana zein bizitako esperientziak partekatzeko hitzaldia eskaini zuten atzo Alonderon.

3z Elkarteak antolatutako saioan, Xanti Ugartek aurkeztu zuen Silvia Carrizo, Malen Etxeko kide eta aktibista. Herritar ugari bildu zen aretoan, elkartearen sorrera, helburuak eta urteotan garatutako egitasmoak bertatik bertara ezagutzeko. Carrizok, bere aldetik, Malen Etxea posible egiten duten norbanako eta eragile guztiak eskertzeko baliatu zuen hitza.

Carrizok azaldu zuenez, 15 urte hauetan Malen Etxea erreferente bihurtu da, emakume migratzaileen topagune eta babesgune gisa. Hasierako urratsetatik gaur egunera arte egindako bidea gogora ekarri zuen, eta 2000. urtetik aurrera indartuz joan den zaintzaren krisiari nahiz ondorengo krisi ekonomikoei erreparatu zien. Izan ere, testuinguru horrek zaintzei aurre egiteko ezintasun orokorra areagotu zuen urte haietan. Azaldu zuenez, egoera horretan agerian geratu zen emakume migratzaileen esplotazio egoera.

Gauzak horrela, arazoa ezin zela modu indibidualean landu ondorioztatu zuten; erantzuna kolektiboa izan behar zuela eta politika publikoek ere esku hartu behar zutela azpimarratu zuen Carrizok. Bide horretan dihardu Malen Etxeak ordutik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide