Malentxo, eta oiloak aztarrika Aizarnan

Honezkero, jendea konturatu da “Oiloen moduan, aztarka” honek, izenburu nagusiaren azpian, azpititulu moduan, Barrensororen aipu bat duela: “Ollo batzuk zebiltzan aztarrika enparantzaren erdian; aruntzatxeago, berriz, zakur bi jolasean jauzika”. Norbaitek esaldi hori kopiatu eta interneteko bilatzaile batera eraman badu, oso sorpresa bitxia hartuko zuen: izan ere, ez dago-eta edozein moduz eta arrazoirik gabe ekarria lerro hauetara. Argitu dezadan behingoz: esaldiak Aizarnarekin dauka zerikusia. Bitxia da ni hemen kontatzera noana baina utz iezadazue, aurrena, sarrera txiki bat egiten.

Lehendabizi, komeni zaigu jakitea zein zen Barrensoro delako hori. Tomas Agirre Urdalleta (1898-1982) Errezilgo Etxeberrin jaio zen; denda, almazena, estankoa eta abar zituen etxean. Eta oso litekeena da Aizarnarekin nolabaiteko loturaren bat izatea, baina ez dugu ikertzeko denborarik hartu. Dirudienez, Comillasen (Kantabria) egin zituen ikasketak eta hizkuntza dezente zekizkien; liburuzain eta irakasle izan zen, negozio-gizon ere bai, baina batez ere idazlea izan zen eta gauza ugari argitaratu zituen aldizkari eta egunkarietan. Horiez gain, hiru liburu plazaratu zituen: Gazigozoak (1933) izeneko artikulu bilduma; guk hemen aztertuko dugun Uztaro (1937), eta gerra ondoren Sevillara bizitzera joan zenean, gazteleraz idatzitako De la angustia a la Paz y al sosiego (1968).

Ez da idazle ezagunegia gure Barrensoro hau. Literatur adituek, berriz, iritzi desberdinak –eta askotan kontrajarriak– dituzte: batzuen ustez, tradizioak, kostunbrismoak, moral zorrotzegiak pisu handiegia du bere idazlanetan; gainera, diote, pasarte asko betegarri hutsak dituela, edo/eta izadiaren deskribapenak egiterakoan apainegiak edo lirikoegiak izaten direla. Egia da, gauza askotan askoz lehenagoko idazleenganako morrontza handia daukala (Txomin Agirre eta bere Garoa, esaterako). Baina badira beste aditu franko, gure idazlearen lanak goraipatu egiten dituztenak: bere hitz aberastasuna, joskeran jator eta dotoretasuna, bazterrak irudikatzean aparteko maisutasuna… azpimarratzen dituzte.

Nire uste apalean, deskribapen asko gozoegiak dira, azukrezkoak edo merengezkoak, baina lirismoa eta edertasuna ezin zaie ukatu. Tira, has gaitezen kontakizunarekin; eskuartean dugu Uztaro liburua…

Malentxo, Zarauzko Dorronsoro baserriko alaba gazteena, da protagonista. Donostiara doa ikasketak egitera, eta han udatiar beltzaran batekin maitemintzen da (tira, eleberrian mutilak jotzen du begiz neska, baina garai haietan hala irudikatzen ziren gauzak). Nolanahi ere, arazo handi bat dago: etxean ez dute ontzat ematen harreman hori. Horrela bada, mutilarengandik apartatzeagatik (alabatxoaren onena nahiez, esango dute etxekoek), Lasturretara –Aizarna inguruko auzo batera– eramango dute Malentxo, osasunaren aitzakiaz. Esan behar da Lasturreta hori fikziozko auzoa dela; Erdoizta aldea izan liteke, baina ez nago seguru. Zazpigarren kapitulura arte itxoin beharko dugu Aizarna eta Lasturretako kontuak jakiteko.

Goiza erdiratu zen garaian, bi zaldiko zalgurdi arin bat irten zen Dorronsoroko ataritik. Bidaiariak hauexek ziren: Agerre baserriko mutil gaztea, Malentxo eta Libe ahizpak eta osaba Martin apaiza. Zarauztik Zestoara bitartean, ez du bideak aldapa-une handirik (seguruenik kostako bidetik etorriko ziren) eta arin iritsi ziren gure herrira. Baina nekezagoa eta zailagoa izan zuten handik aurrerako ibilia. Utz diezaiogun kontatzen idazleari berari: “Aizarnako bideari eraso ziotenean, aurki geldiagotu zuen aztaka bizkorra, eta, maldar-erdiraño eldu ziranean, patsetan blai-eginda zijoazen atsanka ta lurrun-jario”. Kontuak kontu, “Aizarnako eleiztorrea noizpait begiztatu zuenean, danak poztu ziran eta zalpurditik jeisteko gertutzen asi ere”.

Eta orain dator nik nire “Aztarka” honetan, azpititulu gisa daukadan esaldia: “Eleiz-aurreko enparantzaren itzulbiran inguratzen dira kaleko etxe guztiak. Pelotan jokatzen zebiltzan mutikoak enparantzan zalpurdia iritsi zan garaian eta, erbestearrak ikusi zituenean, jokoa utzita, aozabalka urbildu zitzaizten umekondoak ankartera. Aurki azaldu ziran etxe-ateetan beste ikuszale geiago ere. Ollo batzuk zebiltzan aztarrika enparantzaren erdian; aruntzatxeago, berriz, zakur bi jolasean jauzika. Piano baten tintin-soñua zetorren apaizburuaren etxetik”.

Ez iezadazue esan, bikaina ez denik bospasei lerrotan egiten duen Aizarnako argazki hori! Baina jarraitu dezagun (eta prestatu azukrea eta merengea dastatzeko):

Orduerdi bateko bidea zegon, geienez, kaletik baserri artara [Lasturretara, alegia]. Erritxoaren [Aizarna] eskuialdeko soroak ebakitzen ditun bidetik igo ziran bidariak muñotxo batera ta andik Beamara dijoan bidea artu zuen. Ermo ari ziran lanean baserritarrak inguruko soroetan. Gari-metak eguzkitara zabaltzen, batzuk; besteak, artalorak abereentzako besamenka biltzen; aruntzago, berriz, segaz allurbea ebakitzen. Lanari zintzo lotuta ari ziran danak egun zoragarri artan.

Aurreko eguneko ekaitzaldiaren pean bizkar-oker gelditu ziran artoak ere eguzkiari burua zutitu nai zioen. Gerriondotik kiribilduz zijoazkien artaloreai baba-aienak maiteberoaldi gartsuan, aren maite-mosuaren billa. Loretan agiri ziran aien orrien xangoetako kimondoak ere ta ollandaren gandor jaioberriak zirudien lore-pinpinak, lurrera burua makur. Jatortasun bereizia egozten dioe, benetan, artasoroak gure basoaldeari.

Orduerdiaren buruan, bidearen oker-une bat ganditu zuen garaian, etxe billeratxoa begietaratu zitzaien zelaitxo batean. Baselizatxoaren inguruan lau etxek zuten kabia intxaurrondoen gerizpean. Iru lizarrondo zitun, berriz, elizatxoak bekoz-beko, bere egonaren zaitzalle bezela.

Sarrerako burni-agazko esi sendoaren gibelaldetik luzatzen dan bolatokian, iganderoko goiz-meza entzun ondoren, bolan aritzen ziran inguru arietako baserritarrak. Goialdeko larrea zuen artaldeak ere, antxe billatzen zuen aterpea ustegabeko erauntsi-garaian. Nun aurkitu ua baño toki babesagorik? Eguterara begiz-begi sakon-unean egoteaz gañera, ezkerreko mendi-bizkarrak ezkutatzen zun itxasaldeko aizealdietatik.

Zelaitxo babes au begiztatu zuen garaian, bidariak zeramakien bideondoko sasietan zabalduta, zapi zuri lexibatuak agiri ziran eguzkitara legortzen. Oiuka ta karrasika zebiltzan an inguruan mutilkoskoak txapelera masustak biltzen. Zelaiko itzalpean, astaemeak garagarra irabazten zun bitartean, jauzika zoroak zerabiltzkin astakumeak aruntzaxeagoko belardian. Eskuialdeko garamendietara joan ziran artaldeak eta, noiz-beinkako marrakaldi luzez larrealdia eten eta zintzarriari eragin-ala, bidariai begiratzeko itzultzen zuen ardiak burua.

Ezkerraldetik lenengo mallan ikusten zan etxeak Lasturreta zun izena. Etxebillera artako ardandegia zan; baña ardao-saltzeak bakarrik etzuala ezer asko ematen-da, soroko lanari ere ekin bear zitzaion zintzo, arranok ezpa’du.

Ain zuzen ere, egun artan gari-jotzen ari ziran etxebarruan, eta, bidariak etxera urreratu-ala, geroago ta argiago entzuten zuen gari-eskuteak arritxabaletan zartaka ateratzen zuen danga-otsa”.

Tira, gustura segiko nuke baina luzatzen ari gara. Azaldu dizuet “Aztarka” honen azpitituluaren nondik norakoa. Hortik aurrera, gehiago irakurri nahi duenak interneten dauka aukera: http://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/B/BarrensoroUztaro001.htm

Eta bukatu dugu:

Ollo batzuk zebiltzan aztarrika enparantzaren erdian; aruntzatxeago, berriz, zakur bi jolasean jauzika. Piano baten tintin-soñua zetorren apaizburuaren etxetik”. Zein ederra ezta!

 

Argazkia: Aizarnako plaza (1914). Egilea: Indalezio Ojanguren. www.guregipuzkoa.eus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide