Manifestazioa egingo dute ostiralean, GRI Castings enpresaren itxiera salatzeko
Danbolin— 2023-03-22GRI Castings-eko Enpresa Batzordeak lantegiaren itxiera salatzeko manifestazioa egingo du Zestoan. Datorren ostiralean, hilak 24, izango da hitzordua, arratsaldeko 19:00etan, plazatik hasita.
Enpresa Batzordeak jakinarazi du, negoziaketa bilera izan zutela atzo. Txosten teknikoaren azalpena eta argudiaketa argitzeko helburuarekin bildu ziren, eta Enpresa Batzordeak azaldu du enpresako ordezkaritzaz gain, Deloitte multinazionaleko ordezkariak izan zirela bileran, aurrez abisatu gabe, eta horrekĀ langileak “egoera babesgabe garbian” utzi dituela salatu dute. Enpresak bileran esandako “ezerk” ez diela balio adierazi dute: “Gezurra eta manipulazioa dira euren erabakia justifikatzeko erabiltzen dituzten baliabide bakarrak eta txosten teknikoaren inguruan ematen dizkiguten azalpen guztiak alferrikakoak dira. Enpresa batzordeak enpresa honen bideragarritasunean sinesten du eta enpresa honek benetan nahiko balu, martxan jarraitzeko aukera guztiak dituela esan dezakegu. Horregatik, enpresa batzordetik enpresaren erabakia iraultzeko, enplegua eta Zestoako lantokiaren industria proiektua defendatzeko borroka garaia dela garbi dugu. Horrez gain, erakundeen laguntza ere eskatzen dugu”.