Albisteak

Martxoaren 8aren atarian “Ecos de la tierra” dokumentalaren emanaldia izango da Alonderon

Igande honetan, martxoaren 1ean, 18:00etan, Alonderon “Ecos de la tierra” dokumentalaren emanaldia izango da. Dokumentala gazteleraz eskainiko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Ondoren, solasaldia egingo dute.

Dokumentalak Hego Globaleko emakume defendatzaileak ditu protagonista. Lurra eta bizitza babesteko borrokan ari diren emakumeen testigantzak jasotzen ditu, euren lurraldeetan garatzen diren proiektu erauzleen aurrean. Ekofeminismoaren ikuspegitik, baliabideen ustiapenak komunitateetan dituen ondorio sozial eta ekologikoak azaleratzen ditu.

Proiekzioa Zestoako Mugimendu Feministak martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitarauaren barruan kokatzen da. Otsailaren 7an “Esne berriketan” saioarekin eman zien hasiera ekintzei. Igandekoaz gain, martxoaren 7an karropoteoa eta afari feminista antolatu dituzte. Afarirako txartelak salgai daude dagoeneko Ogi Berri eta Portalen, 15 euroren truke. Ikasle, langabe eta prekarioek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dute antolatzaileen esanetan. Menu beganoa eskatzeko aukera ere badago. Martxoaren 8an bertan amaituko da egitaraua, 12:30ean plazan egingo duten manifestazioarekin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide