Máximo Puerta eta Errepublikako maisu-maistra haiek

1931ko apirilaren 14a. Bigarren Errepublika aldarrikatu zen Espainian. Orain dela 85 urte. Urtemuga aprobetxatuz, orduko maisu bat ekarri nahi nuke lerro hauetara.

Ezer baino lehen, irudipena daukat garai hartako maisu-maistra errepublikanoak apur bat deserosoak ez ote zaizkigun egiten hainbat euskaldunoi: askotan, kanpotarrak zirelako, euskaraz ez zekitelako, abertzaleak ez zirelako, politikoki ezkertiarrak zirelako, elizkoiak ez zirelako, bizpahiru urte egin hemen eta alde egin behar izaten zutelako… Labur esateko, apur bat arrotzak zitzaizkigulako.
Nik neuk ere, nahiz eta gerra garaiko kontu eta paper zaharretan sarri ibili, ez nien arreta handiegirik eskaini. Frankistak iritsi zirenean, ia gehienak lanetik bota zituztela bai, hori banekien, baina hortik aurrera ezer gutxi. Ia oraintxe arte; duela hilabete batzuk, nolabait esateko, “esnatu” nintzen arte. Hain zuzen, telefono dei batek eskatu ninduen, iazko uztailean: udaletxean nengoela, Lidia Puertak, andre errioxar batek, deitu zidan, bere aitonari buruz informazioa nahiko zukeela-eta. Maximo Puerta herriko maisu izana zela 30eko hamarkadan eta ea argibiderik ba ote geneukan. Bidaliko niola e-mail bat eduki nezakeen informazioarekin, esan nion.

Ez neukan itxaropen handirik, hala ere. Izan ere, Zestoako Udaleko artxiboak, 1940ko eta 1980ko hamarkadetan, obrak zirela-eta, izan zituen lekualdatzeak eta –ez nuke inor mindu nahi– zaborretara botatzeak, ia zeharo desagerrarazi zuten 1930eko hamarkadatik 1960ra arteko dokumentazioa (arduragabekeria horrek luzerako emango liguke baina ez da gaur hemen sakondu nahi dudan gaia).
Hori dena esplikatu nion, posta elektronikoz, Lidiari, baina desagerpenak desagerpen, hainbat datu jakiteko modua izan nuen delako Maximo Puerta maisuari buruz. Aizarnako maisu izan zen hiru bat ikasturtetan (1931/32, 1932/33 y 1933/34) eta aipamen batzuk ageri ziren udal aktatan, Aizarnako eskolako Jesusen Bihotzaren irudia zela eta ez zela, eta eskolatan (bai garai hartan, baita orain ere) hain ohikoak izaten diren “logistika” kontuei buruz: alegia, eskolak ez zituela gutxieneko baldintzak betetzen higieneari zegokionez, eta berehala egokitzapenak egitea eskatuz (solairu bat altxatzea, komun berriak egitea, leihoak konpontzea…). Udalaren erantzuna, ohikoa: “Ez dago horretarako dirurik aurrekontuetan; dagoenean, egingo da” (labur bezain lehor). Maximo Puertaren eskakizun horiek, maisuak berak bidalitako orrian eta bere sinadurarekin agertzen ziren, eta gutun horiek Lidiari –maisuaren bilobari– ilusioa egingo ziotela pentsatuz, segituan bidali nizkion.

Handik egun batzuetara nuen erantzuna: “Zure mezu elektronikoek hunkitu egin naute (…). Nire ahizpa gazteenari ere birbidali dizkiot zure gutunak eta hura ere oso pozik dago”. Eta, jakina, ni ere poztu egin nintzen eta nire ikerketa xumearekin jarraitu nuen.
Horrela, beste hainbat gutun aurkitu nituen. Batzuk lehen aipatu dugun “logistika” eta konponketa kontuak, baina baziren beste batzuk interesgarriagoak ere. Batek, umeekin ibilbidea egiteko Udalak emandako diru-laguntza eskertzen du eta –hau da niri atentzioa eman zidan xehetasuna– agurtzen du alkatea esanez: “Nire zoriona alkate jaunari irakaskuntzarekiko daukan kezkagatik, eta agintari bat gehiago bezala portatu izanagatik”. Garai klasista haietan, berdintasuna azpimarratzen du Puerta maisuak.

Ez nion, ordea, aparteko garrantzirik emango Lidia Puertarekin izandako hartu-emanari eta ez nuen lerro hauek idazteko lana hartuko, ondoren aipatuko dudan gutuna aurkitu izan ez banu. Merezi du mamia hemen transkribatzea. Gutuna 1933ko martxoaren 3an idatzita dago:
“Datorren apirilaren lehen hamar egunetan, Gipuzkoako Pedagogia Astea ospatuko da Donostian. Aste horren oinarria eta gaiak honakoak dira: herrialde honetako eskolako lanen erakusketa, gune industrialetara ibilaldi hezitzaileak, irakasle ospetsuek eskainitako hitzaldi zientifikoak eta Espainiako maisu ospetsuek emandako irakasgai-ereduak.
Eskaera hau izenpetzen dugun irakasleok, ikusirik espainiar bizimoduaren hainbat alorretan dagoen berrikuntza kezka, eta geure burua hobetzeko helburuz, aipatutako astean izena ematera joan gara. Izan ere, irakaskuntzako metodologietako berrikuntzak ezagutzeko aukera paregabea baita, eta Espainiako pedagogoak liburuetan ageri diren teoriak praktikan jartzen ikusteko aukera izango baita”.
Eta, azkenik, idazten dute: “Lehen aipatutako gastuak arintzeko laguntza eskatzen dugu, are gehiago aurrekaria badagoenean; izan ere, aurreko urteren batean Euskal Irakasleen Elkarteak eskatuta, eskaera egin zuen irakasle bakoitzari egunean 15 pezetako laguntza eman baitzitzaion aipatutako elkarteak eskainitako hitzaldi batzuetara joateko”.

Eskaera Maximo Puertak eta Manuel Saezmierak (Juan Jose, Maixuaren, aitak) egin zuten. Gutun horretan, Lidiari adierazten nion bezala, ideia oso interesgarriak daude, ideologia errepublikanoarekin lotuak, eta egiaztatzen dute Puerta eta Saezmiera oso sentsibilizatuak zeudela pedagogiarekin eta formazio gosea zutela. Irakasle handi eta jakin-min handikoei dagokien gutuna da, eta etorkizunean oso irakasle eredugarriak eta miresgarriak izan zitezkeela pentsarazten diguna.
Aipatutako Pedagogia Astea oso goi mailako ekimena izan zen eta han parte hartu zuten hizlariak (hemen aipatu besterik ez ditut egingo: Pablo Cortes Fauré, Africa Ramirez de Arellano, Mariano Sáez Morilla, Rodolfo Llopis Ferrándiz) Espainia mailan oso-oso ospetsuak ziren, Institución Libre de Enseñanza delakoarekin lotura handia zutenak, eta batzuek kargu handiak zituzten Gobernuan.
Gerra lehertu zenean, ordea, irakasle horiei denei zera aurpegiratzen zitzaien: gizartean eta gaztetxo haien buruan birus errepublikanoa sartzea. Eta horregatik, zigor eredugarria ezarri behar zitzaien intelektualei; ken ziezaietela bizimodu errepublikano hura berriz errepikatzeko gogoa. Eta lortu zuten. Beldurrik handiena eskolatan eta maisu-maistren familiatan ezarri zen. Tartean Maximo Puerta eta Manuel Saezmieraren familiatan.
Saezmiera, gure herrian beste asko bezala, lanetik bota egin zuten, multa izugarria jarri zioten, zigortua izan zen eta, kartzelara sartu aurretik, hil egin zen, uste dut bihotzekoak jota.

Eta Maximo? Zer gertatu zitzaion?
Lidia Puertak, behin eta berriro eskerrak eman zizkidan eta, halako batean, zera idatzi nion:
“Eskertzen dizkizut zure hitz ederrak. Niretzako “betebehar” bat zen Maximoren kontuetan buru-belarri sartzea. Batetik, zestoarra naizelako eta Maximoren gorabeherak nire historiaren parte ere badirelako. Bigarren, gerran familiar bat hila izan duenak gure babes osoa merezi duelako. Hirugarren, Maximo, ideologia errepublikanoan sartua egon edo ez, pertsona interesgarria izango zelako. Eta laugarrena –eta garrantzitsuena– inork, inork ez duelako merezi, edozein arrazoi dela ere, mundu honetatik ezabatzea, are gutxiago gorrotoz eta fundamentalismoz betetako “paseo” haien bidez”.

Bai, asmatuko zenuten bezala, Maximo Puerta Ochoa hil egin zuten, Logroño eta Biana arteko errepidean, 1936ko uztailaren 30ean. 31 urte zituen.

(Argazkia: Jesus Agirrek Errioxan hildakoen inguruan egindako liburuaren azala)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide