Albisteak

Merkatariek poltsa konpostagarriak banatzeko deialdia zabaldu du Urola Erdiko Mankomunitateak

Urola Erdiko Mankomunitateak, lehiaketa erregimenean, Zestoako bi merkataritza eta zerbitzu-establezimenduei diru-laguntzak emango dizkie, 2016an poltsa konpostagarriak banatzeko zerbitzua eskaini dezaten. Kanpaina hori bultzatzeko hamar mila (10.000,00) euroko diru-laguntza emango du Urola Erdiko Mankomunitateak 2016. urtean. Diru laguntza hamar establezimenduk jasako dute, (Zestoako 2, Azpeitiko 4 eta Azkoitiko 4), beraz 1.000 euroko diru-laguntza jasoko du bakoitzak.

Kanpainaren helburua ahalik eta hondakin organiko gehiena gaika biltzea da, herritarrei hondakinak jatorrian bereizteko baliabideak emanez, birziklapena sustatzea alegia. Ostalaritzako merkatariek deialdi honetan parte hartzeko aukera izango dute Zestoan. Diruz lagunduko den lana herritarrei poltsa konpostagarriak banatzea izango da, establezimendu horien arreta-ordutegian. Poltsak dohainik banatuko dira. Jarduera-epea urtebetekoa izango da Mankomunitateak onuradunari poltsak eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Deialdi honetako diru-laguntzak lortu ahalko dituzte jarraian aipatuko diren baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek:

a) Jarduera Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkataritza- eta zerbitzu-establezimendu iraunkorretan gauzatzea.

b) Jendearentzako arreta eskaintzea goizez eta arratsaldez.

c) Azken urtean benetako presentzia eta jarduera izatea udalerri horietan.

d) Udal-lizentzia izatea edo jarduera-aurreko jakinarazpena aurkeztu izana ziurtatzea eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta izatea.

e) Lokala irisgarria izatea. Baldintza hau betetzen ez duen eskatzailerik ez badago, prozedura gainontzekoekin jarraitu ahal izango da.

Diru laguntza eskatzeko epea, maiatzaren 6an amaituko da, eta oinarriak ( http://www.urolaerdia.eus/fitxategiak/dokumentuak/albisteak/dirulaguntza-oinarriak.pdf ) eskaera-orriak ( http://www.urolaerdia.eus/fitxategiak/dokumentuak/albisteak/eskaera-orria.pdf ) eskuratu eta betetzeko argibideak Azkoitiko Hondakinen Informazio Bulegoan, Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitatearen Azpeitiko bulegoan eta Zestoako Hondakinen Informazio Bulegoan emango dira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide