[BIDEOA] Mikel Arregi: “50.000 euroko diru-lerroa jarriko du Udalak egoera honetan kaltetuak suertatu direnentzat”
— 2020-04-19Azken agerralditik hamabost egun pasa direnean, herritarrei zuzendu zaie gaur berriz ere Mikel Arregi alkatea. Positiboei begiratuta, egoera ez dela gehiegi aldatu esan du, positibo bat gehiago dagoela, lau direla baieztatutako kasuak. Berrogeialdian ere badirela herritar batzuk eta honetatik aterata ere bai beste batzuk.
Bi egoitzez ere aritu da. Osasun aldetik egoiliarrak oso ondo daudela eta profesionalen lana mirestekoa dela azpimarratu ditu. Bestalde, doluminak bidali dizkie egoera hau sortu zenetik herrian zendu direnen senitartekoei. Agur kolektibo bat egin ezinda dauden familia eta lagunei.
Erabakiei dagokienean, bi nabarmendu ditu:
1.- Erabaki ekonomikoa. Zestoako Udala ekonomikoki nahi bezain ondo ez dagoen arren, kaltetuen egoera leundu asmoz, establezimenduak itxita eta jarduera osoa etenda dutenei zuzenduta eta eguneko zentroa itxita dagoelako edota haurrak etxean daudelako hauen zaintza egiteagatik lanera joan gabe dauden langileei zuzenduta 50.000 euroko diru-lerro bat jarriko duela.
2.- Iraetako baratze parkea irekitzea erabaki dutela dekretu aldaketa baten oinarrituta. Jakinaraziko zaizkie erabiltzaileei bete beharreko neurriak.
Bukatzeko, deseskalatzearekin lotuta, globaletik lokalera pasatzeko beharrari buruz ere aritu da, bertan ekoitzitako elikadurari buruz, esaterako.