Albisteak

Mikel Arregi Ertxin “Herriak ez badigu hutsik egin, guk ere ezin diogu herriari hutsegin”

Atzoko emaitzak jakinda, EH Bilduko zerrendaburu Mikel Arregi Ertxinen aurreneko balorazioa jakin nahi izan du Danbolinek. Jasotako zorion mezu guztiak erantzuteko tarterik gabe hartu gaitu eta anekdota gisa gogoratu du, aurten 600 mezutik gora jaso baditu ere, orain lau urte dozena erdi ez zituela jaso.

Sentsazioez galdetuta, sentsazio onak zituztela esan du, “genituen sentsazio on horiek baieztatu egin dira hautez ontzietan”. Eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie beraiengan konfiantza jarri duten guztiei, “konfiantza hori guretzako obligazioa izango da eta benetan gure onena emango dugu herri honen alde, beti ere adostasuneko ikuspegi batetik”.

Emaitzak oso onak izan direla gaineratu du Arregik “besteak beste 2011ko gure emaitzak gainditu egin dira. Inoiz udal hauteskundeetan jasotako emaitzarik onenak izan dira eta horrek zerbait adierazten du. Apirileko hauteskundeetan Podemosek atera zituen botoak batuta baino gehiago atera ditugu orain. Dena mugitu da, gazte jendea ere mugitu dela ematen du, auzoetakoa ere ederra izan da, Arroabekoa… Herri bezala desoreka bat badugu eta garbi dago auzoei arreta handiagoa jarri behar zaiela”.

Datozen lau urteak

Klabea parte hartzean egongo dela azpimarratu du eta oposizioarekin gauza asko konpartitzeko prest daudela. “Jendearekin egin nahi dugu aldaketa. XXI. mendea herritarren politika izatea lortu beharra dago eta hori arduretan egotea tokatzen zaigun denon eginkizuna da eta guk horretan jarriko ditugu gure indarrak herriko eremu estrategiko guztiekin; hezkuntza, kultur eragileak, kirol eragileak… Hala nahiko genuke eta horretara joango gara, harreman zuzenera. Lau urte hauetan uste dut aukera handiak egon litezkeela eta saiatuko gara oposizioari ere eskua luzatuta bere garaian hitza eman genuen bezala lan egiten”.

Zestoatik kanpoko emaitzez

Nafarroako emaitzek penatu dute Arregi. “Zestoan oso pozik gaude baina nik behintzat euskaldun bezala pena handia hartu dut Nafarroan bere garaian aldaketaren alde egindako apustua eredu bezala neukalako, uste dudalako horrek izan behar duela Euskal Herri osorako eredu eta zoritxarrez ez da atera eta horrek gazitu egin dit Zestoakoak emandako poza”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide