Albisteak

Mikel Arregi ‘Ertxin’: “XXI. mendeko udal politikak herritarren politika izan behar du”

EH Bilduk datorren maiatzaren 26ko hautagaitzaren aurkezpen ekitaldi nagusia egin zuen atzo arratsaldean arkupetan. Beatriz Zubia arduratu zen aurkezle lanak egiteaz eta Aitor Salegik bertso banarekin hasi eta bukatu zuen ekitaldia. Txalaparta doinuak ere izan ziren atzoko hitzorduan.

Nerea Odriozola zerrendakideak hartu zuen hitza aurrenekoz. Gaur egungo gizartean merkatuaren logika batean bizi garela adierazi zuen. “Udaletik ezingo dugu merkatua irauli baina saiatuko gara ahal den neurrian udaleko errekurtsoak erabiltzen merkatu horretan eragiteko” esan zuen.

Etxebizitzaren merkatuaren inguruan aritu zen eta alokairuetan zentratu zen. Gaur egungo Zestoako alokairuen prezioek hipotekak gainditzen dituztela azaldu zuen eta horrek etorkizuna ezin duela izan azpimarratu zuen. “Gaur egun badago diru laguntza sistema bat udalean baino alokairuen gehiegizko prezio horiek ordaintzen laguntzen du eta guk uste dugu etorkizuna prezioak jaistea izan beharko lukeela eta horretarako etxebizitza parke publiko bat eraikitzea proposatzen dugu” azaldu zuen Odriozolak. Herrian gazte asko bizi direla gaineratu zuen eta gurasoen babesik gabe euren bizi proiektua aurrera eramateko gai izateko bidean lan egingo dutela.

Ekitaldiarekin jarraitzeko, Mikel Arregi “Ertxin” alkategaiak hartu zuen hitza. Hasteko EAJk joan den astean egindako aurkezpenaren inguruko aipamen txiki bat egin zuen. “EH Bilduren kanpaina agresiboa ote den eta erasokor ote gabiltzan esan zuten. Geu harrituta, oraindik kanpainan hasi ere ez ginen egin eta” azaldu zuen. Bestalde, ETAk azken atentatua egin zuenetik 10 urte pasa direla esan zuen baina beti mahai gainera gai horrekin datozela. “Espainian hauteskundeak dira eta egoera krispatua da. Gauza batzuk desbideratu nahi izaten dira eta beste batzuk mahaigaineratu” gehitu zuen. Orain, beste egoera batean gaudela nabarmendu zuen, “zorionez ETAk behin betikoz erabaki bat hartu zuen. Argi eta garbi esan behar dugu denok amesten dugun egoera horretara iristiko lan asko dagoela egiteko” gehitu zuen. Gainera, aipamen berezia egin zion Antton Olaizola herritarrari, atzo bete baitziren 40 urte Zestoatik alde egin zuenetik.

Udal politika

Udal politikara etorrita, euren ustez baliabide publiko guztiak egitura publikoetatik kudeatu behar direla adierazi zuen. “Eredu jasangarri baten aldeko apustua egin nahi dugu. Zestoako kontuak ondoen Zestoatik defendatuko ditugu. Alkateari herritarrek konfiantza ematen badiote eta soldata ordaindu, azkenean ardura politikoa daukanak egin behar ditu lan horiek. Ezin ditugu ardura horiek utzi eta lan horiek enpresa pribatu bati eman” esan zuen Arregik.

Zestoako herritarrei eragiten dieten hainbat erabaki 11 pertsonen eskuetan ezin direla utzi azaldu zuen. “Gure artean arlo ezberdinetan ezagutza asko duen jendea daukagu eta udaletxeak hori erabiltzen jakin behar du. Gure ustez udaletxeko ateak itxita egon dira eta XXI. mendeko udal politikak herritarren politika izan behar du. Udalak herritarrei ateak ireki eta denoi dagozkigun erabakiak denon artean hartuz gero herri hobeago bat egingo dugula iruditzen zaigu” gehitu zuen.

Kultur aretoa herrigunean

Orain dela lau urte esan bezala, kultur areto berri baten beharra nabarmendu zuen Arregik. “Aretoa herrigune historikoan egin nahi dugu kultura izan daitekeelako herri honetako bizitza biziberritzako neurri on bat” azaldu zuen. Kulturaz hitz egiterakoan, kultura elitista batez ez zela ari esan zuen, kultura aktibo baten aldekoak direla nabarmenduz. “Uste dugu herri honetan kapitala badagoela, herri aberatsa daukagu eta bildu egin behar dugu, gure helburua hori izango da” gehitu zuen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide