Albisteak

Mikel Arregi: “Uste dugu 2020an hasiko direla Narrondo eta Arroagoia lotzen dituen bide berdearen lanak”

Pasa den uztailean udal talde berria Gipuzkoako mugikortasun saileko kideekin bildu zen bide berdearen egoeraren inguruan hitz egiteko. Mugikortasun sailekoek proiektu bat lantzen ari zirela esan zieten eta proiektu hori lantzen ari zen arkitekto taldearekin ere bildu ziren. “Bilera hartan, denbora muga batzuk jarri eta irailerako Narrondo eta Arroagoia lotzen dituen bide berdeko zatiaren proiektua amaituta edukiko zutela esan ziguten” azaldu du Mikel Arregi Ertxin alkateak. Uda pasa ondoren, udalak jarraipena egin du eta proiektua amaituta dago jada.

“Bide berdearen zati horren proiektua amaituta dago eta orain, gakoa 2020ko aurrekontuetan Aldundiak diru partida bat horra bideratzea da” esan du Arregik. Beraiekin harremanetan daudela ere esan du eta aurrekontuei jarraipena egingo dietela. “Uste dugu 2020an hasiko direla Narrondo eta Arroagoia lotzen dituen bidearen lanekin. Gure asmoa, legealdi honetan bide berdea amaitzea da” nabarmendu du.

Tunel luzea

Lorentxa azpiko tunel luzeak zailtasun dezente dituela azaldu du alkateak. “Aldundiak tunel hori ikuskatu behar du aurrena eta gero konpontzeak izango duen kostua kalkulatu. Tunel hori irekitzeak lan eta kostu handia suposatzen badu, beste alternatiba bat dago: Arroagoia eta IbaƱarrieta arteko zati hori, “Z” bat eginez Irao gainetik pasatzea, eta hortik bat egin Iraetako tunel txikiarekin” esan du.

Tunel motza

Iraetako tunel motzeko lanekin hasteko Eusko Trenbide Sarearen (ETS) baimena behar dela azaldu du Arregik. “Aldundiak tunel horren lanak egin ahal izateko partida bat izendatuta dauka. Aurreko alkateak ETSk baimena emanda zuela esan zuen eta Aldundiak lan horiek egiteko diru partida prest zuen. Lanekin hastera zihoazenean, ordea, ETSk baimen hori ez zuela eman konturatu ziren eta, horregatik, dena atzeratu da”. Orain, Aldundiak baimen hori eskatu duela eta tramiteek zortzi hilabete inguruko iraupena izango dutela azaldu du alkateak. Behin baimen hori eskuan izanda, lanean berehala hasiko direla adierazi du. Bestalde, Arroabea bide berdearekin lotuko duen zatia, udalaren esku geldituko dela ere esan du eta udaleko aurrekontuetan lan horiek egiteko diru partida bat izango dutela.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide