Mundu baten akabera

Antonio eta bera bezalakoak hemen hauetatik joaten zaizkigunean esan dezakegu mundu baten akabera ikusten ari garela. Segituan azalduko dut zer esan nahi dudan.

Ez da egun asko, gure etxeko lursail bat garbitu behar genuela eta, kanpoko langile batzuei mugak erakutsi behar izan nizkien. Amisoro du izena gure lursail horrek. Orduan jabetu nintzen gu, unibertsitatean ikasitakook, zein ezjakin garen gauza askotan (gauza gehienetan). Gure gurasoek, nahiz eta azkeneko 20 urtetan ia ez azaldu paraje haietara, ondo asko dakite nola diren hango mugak eta zein diren “auzokideak”. Aitak, batean esaten dit halako tokitan alanbre-hesi batek egiten duela muga, garbi-garbi; hurrengoan, berriz, beherako bidean bi mugarri daudela elkarren ondoan, bat zaharragoa, bestea berriagoa; beste batean, lursailaren erdi aldean dagoen zanga aipatzen dit; beste akorda aldi batean, berriz, gauza oso erraza dela esango du, alegia, mugarri denak kare-haitzezkoak direla eta paraje haietan dena arbela denez, oso erraz ikusten direla.

Bai, jauna, dakienarentzat oso erraza izaten da dena. Niretzat “hau arte gotikoa da, beste hau barrokoa eta hango hura, berriz, berpizkunde garaikoa” esatea bezala. Gure aitarentzat oso erraza zen hura, ordea, katastroko dozenaka argazkiri esker ikusi nuen nik eta hala ere nahikoa lan izan nuen. Katastroko mapak? Bai, halaxe da, nire munduak eta aitarenak ez daukate zerikusirik.

Eta burutazio horietan nenbilela hau irakurri nuen Udaleko agiri batean: “Juan Martines de Acoa mostró una tierra labradía llamada Amisoro, en lo de Yarça” (Joan Martinez Akoakoak Amisoro izeneko soro bat aurkeztu zuen, Igartza inguruan). 1479. urtekoa da agiria eta Joan Martinez hori gure baserriaren orduko jabea da. Herri sailen eta lursail partikularren arteko mugak aztertzen dituzte agiri horretan.

Esan nahi dut aipamen horrekin orain dela 538 urteko muga haiexek direla gure aita aipatzen ari zitzaizkidanak, eta mugarriak zehatz-mehatz non zeuden jakite hori urtez urte eta gizaldiz gizaldi transmititu dela gure aitarengana iritsi arte.

Eta mugarriena adibide xume bat besterik ez da. Horrelaxe, urtez urte eta gizaldiz gizaldi transmititu dira lursailen izenak, hura lantzeko teknikak, hango egurrak mozteko sasoi egokienak… Baserriko jakintza guztia horrela erakutsi da, mendeetan eten ez den kate bat balitz bezala. Litekeena hemendik gutxira, gure gurasoekin batera, kate hori betirako etetea. Horregatik nion hasieran Antonio eta bera bezalakoak hemen hauetatik joaten zaizkigunean mundu baten akabera ikusten ari garela.

Ojala deskuidatuta banengo. Gure birraitonak askotan esaten omen zuen (1957an hil zen): “Laster ikusiko duzue hau dena sasiak hartuta eta esango duzue behatzarekin seinalatuz: hortxe, gutxigorabehera; hortxe zen Aurrekoetxea”. Ez dezagun hain beltz jarri dena; birraitona hark hori esan zuenetik ere, munduak (eta baserriak) jarraitu du aurrera. Etorkizunean, ikusi egin behar. Nolanahi ere, aitortu beharra dago baserri munduko kultura eta jakintza deitzen dudan hori asko galdu dela azken urte hauetan eta sentsazioa dut gure gurasoak izan ote diren azken katebegia.

Amisoro aipatu dut eta hantxe imajina ditzaket, duela ez urte asko, gure aita eta Antonio Bekola pinu neurtzen eta guretzat gero eta arrotzagoa egiten den baserri mundu hartaz hizketan, hizketaldi ederrean, jakinduriaz, umiltasunez… inongo unibertsitateko karrera eta ikasketarik beharrik gabe, beren jakinduria “naturala” elkarrekin partekatzen.

Argazkia: Antonio Iriondo, “Bekola” zena. ahotsak.eus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide