Albisteak

Naiz irratiak eta Kamikaz kolektbioak ‘Jaiotza basatia’ irratsaioa eskainiko dute hilaren 26an eta 27an

Naiz irratiak jendaurreko bi irratsaio eskainiko ditu abenduaren 26an eta 27an Jaiotza Basatia izenburupean. Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga, Erik Olaizola, Miren Gaztañaga eta Iraia Elias izango dira saioetan eta bertan, Gabon festen inguruko hausnarketa “historiko, kritiko, umoretsu eta feminista” egingo dute.

Abenduaren 26ko saioa Azpeitiko Dinamoa sormen espazioan izango da, eguerdiko 12:00etan. Abenduaren 27ko hitzordua, berriz, Donostiako Doka antzokian izango da, arratsaldeko 18:00etan. Bi saioak zuzenean ikusteko aukera izango da baina aldez aurretik izena eman beharko da.

Emanaldia bakoitzak ordu eta laurdeneko iraupena izango duela jakinarazi du Naizek eta elkarrizketa nagusi bat egingo da bertan. Azpeitiko saioan, XXI. mendeko “Gabon materialisten” haria hartu, eta tira egingo dute antzinarora arte. Festa hauek izan duten bilakaeran arakatuko dute eta, horretarako, Aintzane Erkizia gonbidatuko dute. Artearen Historian doktorea da Erkizia, EHUko irakasle eta arte erlijiosoan aditua. Hilaren 27ko irratsaioan gaur egungo ospakizunak aztertuko dituzte Helena Bereziartua terapeutarekin. Saioak zuzenean emango dute Naiz irratian zein streaming bidez.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide