Albisteak

“Ni prest nago, eta Gipuzkoa?” kanpainaren aurkezpena egin zuen ostegunean Atzegik

Atzegik aurtengo sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena egin zuen Azpeitian, ostegunean. “Ni prest nago, eta Gipuzkoa?” izango da aurtengo leloa eta kanpaina honekin adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du. Horrez gain, kanpainaren helburua kolektiboarentzat egokitutako deialdiak gero eta administrazio gehiagok eskaintzea da.

Atzegiko kideen esanetan, “gizartearen gehiengoak ez daki legez enplegu publikoko plazen %2a adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta egon beharko liratekeela. Gaur egun oraindik ezezaguna da jende askorentzat, eta oraindik ere gutxiago dira deialdiak egokitzeko ahalegina egiten duten erakundeak. Hala ere, nabarmendu dute azken urteotan gauzak aldatzen ari direla eta administrazio batzuk eskubide hori egi bihurtzen ari direla”.

Atzegitik, bultzada aprobetxatu nahi da, eta beste administrazio batzuk animatu urrats bera ematera. Bere burua eskaintzen du, gainera, arlo horretan aurrerapausoa eman nahi duen edonori laguntzeko eta aholkuak emateko.

Oso garrantzitsua da ingurune arruntean laneratzeko aukerak zabaltzen jarraitzea Atzegiren ustez. “Enplegu publikoko plaza bat lortzea aukera paregabea da gainera haien lanerako gaitasuna gizartean ikusarazteko” diote. “Eskubidea benetako errealitate bihurtzea nahi bada, ezinbestekoa da prozesu osoa kolektiboarentzat pentsatuta eta diseinatuta egotea. Horrela lortuko da urte batzuk barru ohikoa izatea adimen desgaitasun duten pertsonak administrazioan lanean ikustea.

Aurtengo kanpainaren protagonisten adibidearekin, Atzegik erakutsi nahi du adimen desgaitasuna duten pertsonak “prest daudela”. Gehienek ilusio handiz egiten diete aurre ikasketei, eta plaza gutxi daudela eta aukerak mugatuak direla jakin arren, ez dute amore ematen. Horregatik da hain garrantzitsua Gipuzkoa ere prest egotea eta gero eta aukera gehiago izatea”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide