Oinarrizko produktuen eta elikagaien lehenengo bilketa handia egingo du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak azaroaren 10etik 12ra bitartean. Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan egingo dira jasoketak, ostegun arratsaldetik larunbat arratsaldera arte. Zestoan Gesalaga kalean izango da bilketa: ostegunean 17:00etatik 20:00etara; ostiralean, 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara eta larunbatean 10:00etatik 13:00era.
Lekaleak, arroza, pasta, konpresak, pixoihalak, komuneko papera, esnea eta olioa jasoko dira. Oinarrizko produktuak biltzeaz gain, ekarpen ekonomikoak egiteko aukera ere izango da. Proiektuan ekarpena egiteko hiru aukera daudela gogorarazi dute oinarrizko produktuen biltegiko kideek: produktuak dohaintzan emanda, hileroko ekarpen ekonomikoa eginez (688 769 047 zenbakira idatziz) edota boluntario gisa parte hartuta.