Paperekoa

ONGI ETORRI – Maria Uria

Zazpi. Urtarrilak gaur zazpigarrena du eta dagoeneko eman genion nahiko ongi etorri. Zazpi. Gutxienez zazpi aldiz pentsatu ondoren eman diot ongi etorria Danbolini. Zazpi. Katuek zazpi bizi izaten omen dituzte, ziur denak dituztela ongi etorriak. Zazpi. Zazpiek osatzen dituzte hain maiteak ditugun bazterrak, hauek ere, zein baino zein hobeto etorriak. Zazpi. Zazpi omen ziren ipotxak, Edurne Zuriri ondo baino hobeto etorri zitzaizkion haiek, bai. Zazpi. Bat, bi, hiru, lau,… Real! Zazpigarren zazpia. Ados egon ez arren, herri mailan zortearen zenbaki bezala ezagutzen duguna.

Aurtengoa, atzetik begiratuz gero zazpia dugu. Tikismikis-en bat ariko da honezkero “zazpia ez, hamazazpia” pentsatzen. Ok, ados. Niri ordea hitz hauek idazten nituen bitartean beldur superstizioso moduko batek sorgindu nau eta ez dakit zuek, baina nik badaezpada zazpiari heldu nahi diot. Abenduko azken eguneko azken segundora arte zazpia nirekin edukitzeko nire baitan dagoen guztia egingo dut. Horrela, zorteak leku guztietara lagunduko nau eta ondorioz, mota guztietako ongietorriez gozatuko dut!

Hori izango da nire aurtengo proposamena; jarrera kontua dena, alegia. Edozeren aurrean norberak hartzen duen jarrerak guztia aldatu baitezake, bai zazpiaren zortea eta baita ongietorrien nahia (edo nahi eza) ere.

Ez naiz ni hasiko azaltzen zorte ona edo txarra ikuspuntu bakarra ez ote den, zortea zeri baldintzaturik dagoen edo existitzen ote den (bai Amaiur, 2.000 karaktere baino ez!), baina egia da askotan zortetzat edo zoritxartzat jotzen ditugun zenbait gauza gure jarrerak dakartzala.

Erabakiak edo aldaketak ongietorriak izateak, ezezagunei ongietorria egiteko arazorik ez izateak, errefuxiatuei ongietorria eman nahi izateak… denak dakar bere zazpia. Eta azken batean, eduki nahi ditugun ongietorriek, nahiz eduki nahi ez ditugun haiek, ari dira gutariko bakoitzaren zazpia eraikitzen.

Horregatik, ez konfunditu, ez dugu katuen zorte (edo zoritxar) bera, guk bizi bakarra dugu. Eman ongietorria zazpiari eta senak eskatzen dizun horri!

Maria Uria




https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg