Albisteak

Orain artekoa etorkizunari emateko ongarri bihurtu dute Amillubiren 2. urteurren festan

Amillubik gaur goizean ospatu du bere 2. urteurren festa, iragana ongarri bihurtu eta etorkizunari ongi etorria emateko asmoz. Auzolana, kafea, ekitaldia eta errituala izan dira egitarauaren ardatz nagusiak.

Eguna auzolanean hasi dute, eta ondoren kafe bueltan elkartu dira bertaratutakoak. Eguerdian egin dute ekitaldia, eta bertan Amillubi, Biolurrek eta lehen sektoreko hainbat ekoizlek Iraetako Amilibia baserriko lurretan lantzen ari diren proiektu agroekologikoaren orain arteko bidea eta etorkizuneko erronkak izan dituzte hizpide.

Sustatzaileek iragarri dutenez, proiektua bigarren fase bati ekitera doa. Horren baitan, 18 hilabete iraungo duen Utopiak eraikitzen izeneko prozesua abiaraziko dute, “Asunen behatokia” bidelagun, etorkizunean Amillubi zer izango den modu kolektiboan erabakitzeko helburuarekin. Era berean, Eskola Haziak egitasmoa martxan jarriko dutela azaldu dute, agroekologia ardatz hartuta bioeraikuntza, ekofeminismoa, interkulturalitatea eta ekonomia sozial eraldatzailea uztartuko dituen formakuntza proposamen gisa. Halaber, hurrengo udaberrirako festa antolatzen hasiak direla ere jakinarazi dute.

Ekitaldiaren amaieran erritual batek eman dio itxiera ospakizunari. Egunean zehar, bertaratutakoek bi galderari erantzuteko aukera izan dute: zer izan den Amillubi orain arte eta nolakoa izatea nahi duten aurrerantzean. Lehen galderari lotutako erantzunak erre egin dituzte, eta sortutako errautsak ongarri gisa erabili dituzte aran zuhaitz bat landatzeko; bigarren galderako erantzunak, berriz, gorde egingo dituzte datozen hilabeteetan abiatuko duten hausnarketa prozesuan lantzeko.

Amaieran, mokadutxo bat iragarrita bazegoen ere, Zestoako Mugimendu Feministak gaurko egunerako egindako deialdira joateko asmoz, ospakizuna bertan behera utzi eta bertaratu diren gehienak Zestoara abiatu dira.

























Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide