Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Amabirjinen atarian, profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dira ostiralean, hilaren 4an. Eskuz binakako bi partida ikusi ahal izango dira Kiroldegiko pilotalekuan, 19:00etan hasita.
Oraindik sarrerak geratzen dira salgai Turismo Bulegoan, 30 euroan. Internet bidez ere eskuratu daitezke, Entradas Fronton atarian. Horrez gain, partida egunean frontoiko leihatilan ere izango dira sarrerak salgai, baldin eta aurrez guztiak agortzen ez badira.
Promozio mailako partida jokatuko da lehendabizi. Egiguren V.a eta Ugartemendia Alberdi II.aren eta Salaverriren aurka ariko dira. Ondoren, maila nagusiko partidan, Altuna III.a eta Rezusta ariko dira nor baino nor Artola eta Albisuren aurka.