Ordukoen eta gaurkoen sufrimendua
— 2017-03-28Datorren igandean, apirilak 2, arratsaldeko 16:30ean, eskainiko da Donostiako Victoria Eugenia antzokian “Ama, nora zoaz?” dokumentala. Gerra Zibilean herritik bidali edo alde egin behar izan zuten emakumeak dira protagonistak; euren etxeak atzean utzi eta noraezean abiatu behar izan zutenak, euren senarrak edo aitak beste bandoan borrokan ari zirelako bakarrik errepresaliatuak. Zestoan ere, emakume franko aurkitu ziren egoera latz horretan eta zestoar jatorriko batek baino gehiagok eman du bere lekukotza dokumentalean, hala nola, Matilde Aizpuruak, Balentziaga familiaren oinordekoek, Itziar Sagartzazuk eta beste hainbatek. Merezi du emakume haien bizipenak ezagutzea, eta Donostiara animatzen ez direnentzat espero dut Zestoan ere proiekzio bat antolatzeko modua izango dugula.
* * *
Herri guztiek bezala, gureak ere badu –Zestoaz ari naiz, jakina– barru-barruan gordeta, erakutsi nahi ez duen alderdi intolerante eta baztertzaile bat: nola, historian zehar, batekoak eta bestekoak baztertu eta menperatu izan dituen, “onen” eta “txarren” arteko muga ikusezin bat eraikita.
Irakurleak jakingo duen bezala, 1492an Errege-erregina Katolikoek juduak eta gainerakoak Espainiatik bota egin zituzten. Intolerantzia eta bazterketa haize haiek mantsoagatik iritsi ziren Gipuzkoara ere eta handik gutxira, 1527an Zestoan egin ziren Batzar Nagusietan, “Ordenanzas de Cestona” delakoak onartu ziren; eta, geroztik, “odol garbiko jendea” bakarrik onartuko zen Probintziako hiribildu eta herrixkatan. Handik aurrera, frogatu egin beharko zen “odol garbitasuna” alkatearen aurrean eta, horretarako, edade handiko lekukoak eman behar izaten ziren, interesatuaren gurasoak, aiton-amonak, birraiton-amonak eta abar ezagutzen zituztenak. Odol garbia edo zikina: “odol analisi” arbuiagarri batek baldintzatu zuen, XVIII. mendera arte, Zestoan bizitzeko eskubidea. Beste herrietan bezala, Zestoako Udalean ere horrelako frogaketa franko kontserbatzen dira eta askok ehunka orri baino gehiago izaten dituzte, hortik atera kontuak zer mailatako prozesuak izaten ziren.
Garai haietan, juduek, moroek, ijitoek eta antzekoek ez zuten tokirik gure herrietan, ez bazen esklabo bihurtu eta nagusiarentzat lan egiteko: horretarako bai, esklabotzarako osasun oneko edozeinek balio izaten zuen. Don Jose Maria Zunzunegi zenak badu festetako egitarauren batean gure herriko esklaboei buruzko artikuluren bat eta Jose Antonio Azpiazu ikerlariak ere aipatzen ditu hainbat pasarte Zestoan gertatutakoak. Garai haietan, inor gutxik pentsatuko zen Zestoan esklabo trafikoa gauza inmorala zenik eta herritar bat baino gehiago ibiltzen zen, munduan zehar, kontzientzia karga handirik gabe, esklaboekin trafikatzen.
* * *
Odol garbi eta zikinetik, hezurren eremura egin genuen salto XIX. mendean; oraingoan odol analisiari utzi eta erradiografia nagusitu zen: oraingoan hezur beltzak eta zuriak bereiztea zen kontua. Mingarria bada ere, aitortu behar da karlismoa eta abertzaletasuna ere nahiko intoleranteak izan zirela, garai batzuetan behintzat, kanpotik etorritako jendearekin. “Gure” Sabino (Arana), beste askorekin batera, arrazista porrokatua litzateke gaur egungo parametroak aplikatuz gero. Gerra garaiaz geroztik Zestoara etorri ziren inmigranteak ere, uste dut ez zirela hain ondo ikusiak izan gizarteko hainbat sektoretan (“Manchurrianos” eta horrelako hitzak, oso ohikoak ziren gure ume denboran; beste batzuk ere ez zaikit arrotzat egiten, hala nola, hezur–beltzak, belarrimotzak, trenak ekarritakoak…). Nolanahi ere, gaizki-ulertzuak sahiesteko, honekin ez dut erlatibizatu nahi frankismoak abertzale ikuspegiari etengabe eragin zion eraso bortitza (Nola ba!).
* * *
Eta gaur egun zein da kontua? Odola? Hezurren kolorea? Azala? Azken urte hauetan, beste inmigrante batzuk ari zaizkigu etortzen hainbat tokitatik. Latinoamerikarrekin ez dugu, ematen duenez, hainbesteko arazorik baina arabiar kulturakoekin edo musulmanekin bestelakoa da gure jarrera. Askotan, lagunartean-eta, aurreiritzi franko nabaritzen dira: lana kentzen digutela, ez direla gure gizartean integratzen, erlijioak gehiegizko pisua duela beraiengan…
Niri barregura ematen dit, jakinda gu euskaldunok ere makina bat milaka joanak garela munduan zehar, batez ere, Ameriketara. XIX. mendean Ameriketara joan ziren euskaldun haiek euskal etxeak ireki zituzten han, eta beren seme-alabei euskara eta euskal kultura erakutsi zioten. Eta gaur, estatu batuarren bat edo hego amerikar bat, handik etorri eta euskaraz hitz egiten ikusten dugunean, halako harrotasun bat sartzen zaigu bihotzera. Ez al dira gauza bera egiten ari gure “arabiarrak”?
Gero, berriz, gu emigranteak ginen garaietan bezala, hona datozen inmigrante horiek, batez ere hiri handietan, nolabaiteko gheto edo auzune pobre-pobreetan bizitzera kondenatuak izaten dira, inolako zerbitzurik gabe. Beren lurraldeetan, berriz, gosez hiltzen uzten ditugu lagundu beharrean. Bertako handikiei, berriz, arma mordoa saltzen diegu (gogoan dut, 1996ean Yemen bisitatzen izan nintzenean, gidariak armak saltzen zituzten azoka bat ikustera eraman gintuela; eta zerk harritu ninduen? Ba, arma haietako mordoxka Euskal Herrian eginak zirela, harrapazan/k!).
Bada, horixe: komeni izan zaigunean hango giza talde batzuk armatu ditugu, komeni izan zaigunean beste batzuk. Eta orain, denak beren artean gerran hasi direnean eta hona ihesi datozenean, muga denak ixten hasi gara! Ederra!
* * *
Ideologiak, erlijioak, kulturak… datozela datozen tokitik, ezin dute inor baztertzeko arrazoi izan; ez guretzat, ez baraientzat, are gutxiago, jendea sagua balitz bezala hiltzeko. Gauza hauetan pentsatzeko balioko al digu dokumentalak. Gutxienez, gerra baten ondorioz eta intolerantzia baten ondorioz ihesi joan ziren haiek eta orain datozen horien artean egon daitezkeen sufrimendu ikaragarriak ulertzeko.
AMA, NORA ZOAZ? Victoria Eugenia Antzokia, 2017ko apirilak 2, 16:30. Sarrera libre, jarleku guztiak bete arte.
Zuzendaritza: Iban Gonzalez. Ekoizpena: Karmelo Vivanco, Idurre Cajaraville / Baleuko. Gidoia: Jon Gonzalo. Argazkia: Ramon Larrabaster. Muntaketa: Iban Gonzalez. Iraupena: 62 min. HIZKUNTZA: euskara / AZPITITULUAK: gaztelania
Argazkia: “Ama, nora zoaz?” dokumentaleko argazki bat
Egin zaitez bazkide