Osinbeltz harrobia energia garbiko proiektu baterako

Inbertsore talde batek interesa agertu du Osinbeltzeko harrobian energia berriztagarriei lotutako proiektua garatzeko, Garikoitz Mendizabal EAJ-PNVko alkategaiak jakinarazi duenez: “Zuhurtziaz jokatu behar badugu ere, albiste ona da herriarentzat. Zestoarentzat energia garbia sortuko lukeen instalazio bat ahalbidetuke luke honek, aspaldian abandonatuta dagoen espazio hau herritarren ongizatearen zerbitzura erabiliaz. Bere garaian eman genuen urratsak fruituak eman ditzake, eta guk lanean jarraituko dugu aukera hori gauzatzeko zestoar guztien mesedetan”.

Mendizabalen esanetan, inbertsore talde horrek hainbat onura ikusten dizkio proiektuari, egingarria izateko. “Azpimarratzekoa da harrobia gertu dagoela herritik eta inguruko industriatik, 2 kilometro baino gutxiagora. Horrek aukera emango luke Udal eraikinak zuzenean energia berdez hornitu ahal izateko, jasangarritasun legea beteaz, eta baita esparru horretako enpresak, eta herritarrak ere. Baratzak, nekazal lurrak edo zelaiak erabili aurretik, aproposagoa ikusten dugu degradatutako eremuak erabiltzea horrelako proiektu energetiko baterako”.

Harrobiko hormetan dauden mailaketak aprobetxatuko lirateke, eguzki plakak kokatzeko. “Udalaren jabetza den harrobiko lurzoruan edozer gauza egiteko, aurrena paretak eta frontea egokitu beharra dago, segurtasun ikuspegitik. Proiektu honekin, beraz, helburu bikoitza lortuko genuke: harrobia trantsizio energetikoari aurre egiteko aprobetxatzeaz gain, epe ertainean aisialdirako, kiroletarako eta kultur emankizunetarako espazio berde eder bat sortzeko baldintzak bermatuko genituzke. Horrela irudikatzen dugu guk etorkizuneko Osinbeltz”, nabarmendu du Mendizabalek.

Gogoratu behar da, urtarrilean, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiarekin batzartu zirela Zestoako EAJ-PNVko arduradunak, proposamenaren berri eman, eta Ansolak espazioa bertatik bertara ezagutu zezan. Begi onez jaso zuen proposamena Ansolak, eta EEEen konpromisoa agertu ere bai, proiektuaren bideragarritasun tenikoa eta ekonomikoa aztertzeko, eta ahalik eta erantzun azkarrena emateko.

Pozik agertu da Mendizabal erantzunarekin: “Aurreragoko azterketek eta kudeaketek informazio gehiago emango digute baina oraingoz baikorrak izateko aukera dugu, interesa piztu duelako proiektuak. Jaurlaritzako energia zuzendaritzarekin lanketa egiten ari gara aurrera egiteko”. Ildo horretan, aukera bat baino gehiago dagoela adierazi du: “Formula mistoa da bat, inbertsoreak lortutako energiaren zati bat Udalari prezio onean saltzea, honek herritarrei eta eraikinei bideratzeko. Jaurlaritza ere sartu daiteke kapitalean, eta herriko energia komunitatea ere parte izan daiteke. Zehaztasunak zehaztasun, gure ustez lankidetza publiko-pribatutik heltzea da egokiena, inbertsoren interesa eta interes orokorra uztargarri eginez”.

Zestoa mapan kokatuko lukeen ekimena da, erreferente gisa, EAJ-PNVko alkategaiaren esanetan. “Europako herrialde aurreratuetan, Alemanian esaterako, gisa horretako irtenbidea ematea aztertzen ari dira abandonatutako meategi irekiei. Proiektu aitzindaria izango litzateke Euskadin eta estatu mailan”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide