Albisteak

Osinbeltzeko desmuntatze eta txukuntze lanek aurrera jarraitzen dute

Hogei urte inguruko geldiunea eta gero 2021eko ekainean Osinbeltz harrobia txukundu eta Udalaren esku uzteko akordioa sinatu zuten Zestoako Udalak eta Canteras de Zestoa S.A. enpresak. Duela urtebete inguru hasi zen enpresa harrobia hustu eta txukuntzeko lanekin, baina siloaren erauzketak sortutako segurtasun arazoengatik Gipuzkoako Foru Aldundiko errepide sailak lanak gelditu zituen. Segurtasun agiri eta tramiteak bete ondoren, desmuntatze eta txukuntze lanak berriro martxan dira eta dagoeneko arazorik gehien sortzen zuten errepide ondoko siloak eraitsi dira.

Epea zertxobait luzatu den arren, lanak martxa onean doazela jakinarazi du Mikel Arregi Ertxin alkateak: “Dagoeneko errepide ondoko siloak eraitsi dira eta horrek lanak azkartu egingo ditu, Udalak ikuskaritza lanak egiten dihardu eta lanak datozen hiruzpalau hilabeteetan amaitzea espero da” . Alkateak esan bezala beraz, Udala lanen jarraipena egiten ari da eta herriko eskalada eta mendi klubeko kideekin ere hitz egiten hasia da eremu horretan mendi kirolarekin lotutako aisialdi gune bat egiteko aukera aztertze aldera. Lanak datozen hilabeteetan amaitzea aurreikusten dute, eta amaitutakoan, harrobia Udalaren esku geldituko da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide