Oyarzabal, atari monarkikoa

Duela hamar bat urte, pare bat dozena argazki eder, fundamentuz eskaneatuak, eman zizkidan Rosario Andresek; orduan ez genuen hitz egin ea argitaratzeko baimenik baneukan edo ez baina, lotsagabe-lotsagabe, bat behintzat hona ekartzea pentsatu dut. Argazkia, beste askotan bezala, 20ko hamarkada erdialdekoa da eta “Esparza” jartzen du, bertan izen horretako familiarren bat ageri den seinale.

Irakurleak lehenengo kolpean antzemango ez balu ere, esango dugu Oyarzabal hotelaren atarian aterata dagoela argazkia. Hor ikusten den harresi hori Don Pedroren etxearen muga da, eta txaleta bera ere ondo antzematen da.

Inguruari dagokionez, gauza interesgarri asko daude nire iritziz. Batetik, paisaia. Gaur egun eskola den eremuko artasoro sailak eder askoak dira; horrelakoxea zen gure herria: batean, artasoroak eta babak eta, bestean, galsoroak. Akoako bidea ere garbi-garbi ikusten da, eta bidearen kontra Miserikordiaren ukuilu eta etxea, zuri-zuria. Bada beste gauza bat, nik argazkietan hain garbi inoiz ikusi ez dudana: Etxe zuria baino beherako ageri den beste txabola hori, Garestiya minatik aireko linea bidez garraiatzen zuten ikatza deskargatzeko tokia zen. Toki hori, Miserikordiako kapera eraiki behar zutenean (1927) Asuntzion hotel aldera aldatzekotan ibili ziren, baina azkenean ez zuten ezer mugitu, argazkian ikusten dugun bezala geratu zen.

Oyarzabaleko atariari erreparatzen badiogu, berriz, hemen, atari honetan bertan, tribuna handi bat eraiki zuten 1928an, hoteleko bezeroek eta herritarrek txalo egin ziezaioten, hotel aurrera iritsitakoan, Maria Cristina erreginari. Bere seme Alfontso XIII erregeak ere bisitatu zuen establezimendua. Oso atari monarkikoa, beraz, Oyarzabal/Arozenako hau.

Horrez gain, atariko hamazortzikoteari erreparatuko diogu pixka bat. Argazki hau atera zenerako, moda-modan janzteko afana eta gorputzarekiko eta irudiarekiko kultua indartzen hasia zen; 20ko hamarkadako garai haietan, batez ere pelikulatan-eta, emakumeen moda askoz erosoagoa zen, gonak motzagoak eta hankek protagonismoa hartu zuten, siluetak eta gerriak askeagoak ziren eta kortsea armairu bazterretara desterratua zegoen ordurako. Handik gutxira, berriz, kirola egiten hasiak ziren emakumeak, eta horrek ere askatasuna ekarri zuen jantzietara.

Baina horrelako ezer gutxi nabari da argazkian. Garai bateko moda zaharrak dakartzate hemen gehienek (gizonezkoek zer esanik ez; gizonezkoen moda beti izan da egonkorragoa); gorpuzkerak ere aukerak asko murrizten dizkiete, eta askotan formarik gabeko soinekoak daramatzate. Pentsatzekoa da erlijioaren pisu ikaragarriak ere izango zuela zer ikustekorik, pentsaezina izango zen-eta, garai hartan, gorputzari edertasun pixka bat ematen pentsatzea. Badaezpada ere, hor dago elizgizona, erdi erdian, plazer imintzio txikiena ere zorrotz eta ipso facto mozteko.

Gero, gainera, aurpegi gogor horiek eta beste xehetasun batzuk hiri ertainetako burgesia irudikatzen digute, diruduna baina motza eta tradizionala kulturalki eta garaiko berrikuntzekiko; erdaraz esan ohi den bezala, “nuevos ricos” . Eskuinaldeko neska gazteak, berriz, arropa josteko imintzioak egiten, emakume tradizionalaren, mantso eta esanekoaren eredu bikaina. Beste batean esan nuen bezala, aurpegiei hurbiletik begiratuz gero (gogoratu argazkia sakatuz gero handiago ikusi ahalko duzula), behartutako irribarre keinua daukate, azalekoa, barru-barrutik ateratzen ez dena, zoriontasunik gabekoa. Makina bat idazlek ondo baino hobeto irudikatu duten burgesiaren zozotasun konbentzional horixe bera.

Baina oso argazki ederra da, konposizio oso landua duena, ez edozein argazkilarik egina. Badauka zerbait iraganeko garai magiko edo ametsezkoetara eramaten gaituena, eta horri esker denboran zehar “bidaiatzeko” aukera ematen diguna. Eskerrik asko Rosario!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide