Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

2015eko irailaren 3a zen, osteguna. Hotel Blasa zeneko magnoliopean, Kutxabank atarian, aurkeztu genuen Danbolin.eus ataria. Orduz
geroztik hamar urte joan dira, eta gaur, atzera begira jarrita, ilusioz gogoratzen ditugu hasierako une haiek eta geroztik egindako bidea.
Danbolinzulo elkartea 2000. urtean sortu zen, eta ordurako 15 urte generamatzan aldizkaria kaleratzen. Aurkezpen hartan eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina aterpean irudi eta musikaz girotutako emanalditxoa egin genuen. Herritarrei etxetik aulkia eta jateko zerbait ekartzea eskatu genien, eta pozarren erantzun zuten. Geuk ere giro goxoa sortzeko argi txikiak piztu genituen, eta hala, gau hartan giroak xarma berezia hartu zuen.
Ordura arte sare sozialetan baino ez genituen zabaltzen gure argazkiak, batez ere Facebooken. 700 jarraitzaile genituen orduan, Zestoarako zenbaki oparoa iruditzen zitzaigun. Gaur egun, 2.500 lagun inguru gara Facebooken, eta 1.700 Instagramen, orduan apenas erabiltzen genuen sarean. Haiek izan ziren webgunera bidean lehen urratsak.
Aldizkaria bere xedea betetzen ari bazen ere, aspalditik geneukan interneten presentzia sendoagoa izateko gogoa. Paperean gai sakonagoak lantzea zen gure asmoa; webgunean, berriz, eguneroko gertakizunei eta herriko kontu txiki baina esanguratsuei tartea eskaintzea. Bi euskarriak elkarrekin uztartzeak Danbolin proiektua indartu eta aberastu zuen.
Garai hartan oso argi geneukan: webguneak herri osoarentzat izan behar zuen, guztion beharrak asetzeko eta guztion artean eraikitzeko tresna. Horregatik azpimarratzen genuen herritarren borondatea ezinbestekoa zela: taldeek informazioa helaraztea, establezimenduek publizitatea jartzea eta Udalak bere laguntza eskaintzea. Horiek guztiak gabe, proiektua ez zen bideragarria izango.
Oier Arregi izan zen lehen arduraduna. Hasieran astean hamar ordu eskaintzen zitzaizkion atariari, baina laster ohartu ginen hori ez zela
nahikoa, eta eguneroko dedikazioa bikoiztu behar izan zen. Berak honela idatzi zuen 2015eko ekainean: “Danbolin lehenengo aletik asko aldatu den bezala, komunikabideek ere etengabe bilatzen dituzte bide berriak. Albisteak gero eta azkarrago iristen dira gure etxeetara, eta hori baliatuz, gure asmoa egunero erabiltzen ditugun tramankuluetan Danbolinentzat txoko bat eskaintzea da”.
Itsasok Waliñok eman zion sei urtez Oierrek hasitako lanari jarraipena eta azken urteotan, berriz, Ohiana Calparsorok hartu du erreleboa. Zestoa auzo askotako herria izanik, Danbolinek beti jo du garrantzitsutzat auzoetako ordezkariak lantaldean izatea.
Danbolin.eus atariaren lehen hamarkada hegan pasatu da. Herriko zein auzoetako egunerokotasuna lau haizetara zabaltzen jarraitzen dugu, zuei, herritarroi esker. Eta horregatik, Danbolinek ateak beti izango ditu zabalik, guztiontzat.