[POSTONTZIA] Arroa Beheko preso, iheslari eta deportatuen aldeko pilota txapelketa; Sufrimendu handiko partida

Gorostola-Lizeaga bikoteak irabazi du 9 eta 1eko partzial baten ondoren.

2-1/7-2/7-7/14-8/18-12/18-21/19-22

Aitor Aristi: Itsasoko gizona izanagatik ere, pilota borobila dela erakutsi du. Pasa den partiduan frontoian bere lekua bilatu ezinik ibili bazen, gaurkoan partida handia jokatu duela aitortu behar. Txuritik beltzera. Lan handia egin du eta eskuin eskuarekin asko sufritu duen arren, zoriontzea besterik ez dago gure patroi handia.

Unai Azkune: Bera izan da partidaren pisua hasieratik bukaerara eraman duen pilotaria. Ederki astindu du pilota eta baita min eman ere. Astelehenekoarekin alderatuta, beste pilotari bat ikusi dugu gaurkoan. Diziplina handiko kirolaria da eta ziur gaude horrela jarraitzen badu, publikoari tantu ederrak eskainiko dizkiola.

Aitor Gorostola: Frontoietako zakur zaharra. Ongi daki aurkariak zirikatzen eta baita partida nondik nora eraman behar duen ere. Ez ditu soberan zestan egindako urteak. Egin duen azken gantxoa, azkena izango ote da?

Lizeaga: Bi pilotari ikusi ditugu. Lehen zatian akats asko egin ditu eta pilotari neurria hartu ezinda ibili da. Bigarren zatian, aldiz, pilota guztiak eraman ditu txapelketako Lizeaga onena ikusi dugularik.

Epailea:
Ander Urbieta: Plaza askotan toreatzen dakien gizona dugu. Partida zaila tokatu zaio gaurkoan eta pilotarien presio eta probokazioei muzin egin die, baita publikoa zirikatzen hasi denean ere. Tenplea mantentzen daki eta ez da erraza izaten. Akats txikiren bat izanagatik ere, ezin partida txarra egin duenik esan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide