[POSTONTZIA] Dantza, elkartasuna eta Aspanogiren aldeko hitzordua antolatu dugu iganderako

Kaixo guztioi,

Arroabeko Zumba taldeko kideok igande honetan hitzordu berezi bat dugu, eta bihotzez gonbidatu nahi zaituztegu parte hartzera. “Zumba beraien alde” masterclass solidarioa antolatu dugu 11:00etan, Zumaiako kiroldegian, eta bildutako diru guztia Aspanogi elkartearentzat izango da.

Guretzat ekimen hau ez da beste saio bat soilik. Gertutik bizi dugun errealitate batetik sortu da, eta dantzaren bidez babes eta elkartasun mezua zabaldu nahi dugu haur minbiziaren aurrean borrokan ari diren familia guztiei.

Bi orduz dantzan arituko gara, maila guztietara egokitutako saioan. Ez da zumba egiten jakin beharrik; etortzeko gogoa eta ondo pasatzeko prest egotea nahikoa da. Dantzara animatzen ez bazara ere, ikusle gisa edo dohaintza eginez lagundu dezakezu.

Benetan sinesten dugu denon artean indartsuagoak garela. Igandean, zatozte gurekin dantzara, irribarre egitera eta kausa handi bati babesa ematera.

Sarrerak aldez aurretik erosi ahalko dira edo egunean bertan 10:15etik aurrera
– Helduak: 12 € (aurrez erosita)
– 14 urtetik beherakoak: 5 €
– Ikusleak: 4 €
– Egunean bertan: 15 €

Izena emateko kontu korrontea (aurrez ordaintzeko):
ES31 0049 6087 1228 1613 0137
(Kontuaren izena: Carolina Olagua)
Transferentzian jarri, mesedez, izen-abizenak.

Eskerrik asko bihotzez zuen babesagatik
Arroa Beheko Zumba taldea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide