[POSTONTZIA] Iraeta-Narrondo zatian berriro ere agerian geratu da Aldundiak bidegorriak eraikitzeko epeak etengabe urratzen dituela

Bidegorria eraikitzeko egokitu behar diren tuneletako bat. Urte bat beranduago, ezer ere ez da mugitu

Aldundiak astelehenean agiri baten bidez jakinarazi zuenez, Foru Kontseiluak zein Batzar Nagusiek onartu berri dute Eusko Trenbide Sareakin Iraeta eta Narrondo bitarteko bidegorria egiteko hitzarmen bat sinatzea. “Urolako Bide Berdea amaitzetik askoz ere gertuago d ago”, irakur daiteke testuan. Alegia, berriz ere propaganda, “hau aurrera doa”, esango baligu bezala. Ez autokritikarik, ez azalpenik. Ea Aldundiak zergatik egin beharko lukeen autokritika edo zergatik eman beharko lukeen azalpen bat, behintzat? Bada, iazko otsailaren 24an, Garraio sailburu Iñaki Arriolak eta Mugikortasun diputatu Rafaela Romerok, Iraetako tren-geltoki zaharrean batzartuta, hitzarmen hori iragarri eta bidegorria eraikitzeko lanei 2023ko urte hasieran ekingo zietela esan zutelako. Ez gara ezer asmatzen ari, e? Horren lekuko dira hemerotekak eta Foru Aldundiaren webgunea bera, argazki eta guzti: https://www.gipuzkoa.eus/eu/-/eusko-jaurlaritzak-eta-gipuzkoako-foru-aldundiak-urolako-trenbide-zaharraren-iraetanarrondo-tartea-bidegorri-bihurtzeko-lankidetza-adostu-dute-aurrek
Lanak, ordea, ez dira 2023arekin batera hasi. Are gehiago, martxoan jakin genuen, Zestoako eta Zumaiako alkateek eginiko salaketa publiko baten bidez, Eusko Trenbide Sarearen eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmena oraindik sinatu gabe dagoela. Eta Aldundiak asteleheneko agirian diosku baietz, sinatu gabe dagoela, Iraetako iragarpen hartatik urtebete pasatu den arren, baina dagoeneko dena prest dagoela eta “berehala” sinatuko dela. Hau da, urtebete bat gehiago joan zaigu, nola ez dakigula, baina, arestian esan bezala, “hau aurrera doa”.
Urtebete gehiago joan zaigula diogu. Izan ere, bidegorri-zati horren lehen atzerapena balitz, tira, gaitz erdi. Ez da, ordea. 2019an, Aldundiak lanak urte hartan bertan hasiko zirela esan zuen. Atera kontuak.

Bidegorri horrek zeharkatu beharko duen bigarren tunela

Bidegorriek metatzen dituzten etengabeko atzerapenak sarri aipatu ditugu azkenaldion, ezinbestez aipatu ere. Izan ere, Iraeta Narrondo adibide bat gehiago baino ez da. Aldundiak berak ezartzen ditu bidegorriak eraikitzeko epeak, baina gero bat bera ere ez du errespetatzen. Gauzak horrela, bidegorri-proiektuek barraskiloen abiaduran doaz edo, hobeto esan, barraskilo motelenen abiaduran. Joan den astean Errenteria-Irun kasua aipatu genuen, baina orain dela pare bat hilabete Lezo-Donibane aipatu behar izan genuen, eta ez askoz lehenago Errekalde-Galarreta. Nolanahi ere, askoz gehiago dira dagoeneko eginda egon behar luketen baina oraindik bukatu gabe edo hasi ere egin gabe dauden bidegorriak, hala nola, Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Mutriku-Saturraran, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola… Eta ez pentsa zerrenda osatuta dagoenik.

 

Eguzki, 2023ko apirila




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide