Albisteak

Prest dute Iraetako Santa Ines jaietako egitaraua

Iraetako bizilagunak Santa Ines jaietan murgiltzeko prest dira. Hain zuzen ere, urtarrilaren 18tik 25era bitartean ospatuko dituzte festak, eta gustu eta adin guztietarako egitaraua prestatu dute egun horietarako.

Hilaren 18an, umeen eguneko txupinazoarekin lehertuko da festa auzoan. Hilaren 21ean Santa Ines eguna ospatuko dute, eta hurrengo egunean, ostiralez, Mus Txapelketa egingo dute Bekoetxe tabernan. Aurtengo aldaketa nagusiena Santa Ines Pilota Txapelketarekin etorriko da; izan ere, aurten finaleko norgehiagokak igandetik larunbatera pasa dituzte.

Egun horretan bertan, larunbatean, Garagardo Afaria ere egingo dute, beste hainbat ekintzekin batera. Saltxitxak, txerri sahieskia, postrea eta nahi adina garagardo izango dira dastatzeko, 21:00etatik 23:30etara bitartean. Txartelak urtarrilaren 22ra arte egongo dira salgai, 25 euroan helduentzat eta 12 euroan haurrentzat. Iraeta tabernan, Portalen eta Futbol Zelaiko kantinan egongo dira eskuragarri. Gainera, gau osoan zehar autobusak ibiliko dira joan-etorrian Azkoitia eta Zumaia artean.

Urteroko legez, Errota Harria txapelketarekin agurtuko dituzte santainesak igandean.

Hona hemen egitaraua osorik:

Urtarrilak 18, igandea. Umeen eguna

16:00. Txupinazoa. Jarraian, puzgarriak.
17:30. Txokolatada.

Urtarrilak 21, asteazkena. Santa Ines eguna

11:00. Santa Ines eguneko meza.
14:00. Santa Ines eguneko auzo bazkaria.

Urtarrilak 23, ostirala

22:30. XXXV. Mus txapelketa Bekoetxen (izen-ematea 22:00etatik aurrera).

Urtarrilak 24, larunbata

11:55. Txupinazoa eta Vamos al frontón.
12:00. Gaztetxoen pilota partidak.
12:30. Iraetako Pilota Txapelketako finalak.
14:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.
16:30. Gaztetxoen txirrindulari lasterketa.
19:00. Triki-poteoa Naiara eta Maitanerekin.
21:00. Garagardo auzo afaria frontoian.
23:30. Laket taldearen erromeria.

Urtarrilak 25, igandea

17:30. Errota Harria harrijasotzaileen txapelketa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide