Pringatua ala popularra?
— 2019-12-18Dantzako irakaslea naiz, eta joan zen klasean honako galdera luzatu zidan ikasleetako batek “Zu zer zara pringatua ala popularra?”. Ez nuen halako galderarik espero eta isil-isilik gelditu nintzen berari begira, nire burua makineria baten moduan erantzun egoki bat aurkitzen zebilen bitartean. Nire erantzuna ez zen oso elaboratua izan: ZER?!
Berriro errepikatu zidan, eta oraingoan beste ikasle batzuen arreta erakarri zuen “Ea pringatua ala popularra zaren. Gu adibidez popularrak gara”. Elkarrizketaren haria jarraitu ezinda eta amorru apur batekin “Eta zer da popularra izatea?” galdetu nion, eta berak “Guaya izatea” pilota itzuliz nik “Eta zer da guaya izatea?”.
Bada, badirudi “guaya” izatea talde handi eta mistoan ibiltzea, zaharragoak direnekin harreman ona edukitzea eta Nike edo Adidas moduko markako arropa janztea dela, besteak beste. Pringatua izateak aldiz, harrapaketan ibiltzea, segun ze markako edo markarik gabeko arropa erabiltzea edota mukiak hatzarekin ateratzea moduko ezaugarriak hartzen ditu.
Nire ondorioak hauek izan dira. Bat, baztertzaileak gara (gara esaten dut, haurrek jarrera hauek izatearen erantzukizuna helduona dela uste dudalako), hau da, popularra izateko baldintzak betetzen ez dituena pringatua da, eta beraz, ezin daiteke popularren parte izan. Bi, kontsumoaren mamua atzetik daukagu, eta haurrengan isla nabarmena ikus dezakegu, hau da, markako arropa kontsumitzen duena hobeto baloratzen dute. Hiru, klasista hutsak gara, ustez gure gainetik daudenen onarpena jasotzen badugu (kasu honetan, haur zaharragoena,) onarpena jasotzen ez dutenen gainetik egongo gara. Eta lau, pikutara goaz.
Hausnarketa bat luzatu nahi dizuet: Mukiak hatzekin ateratzen dituztenen eta ez dituztenen arteko guda bat egingo bagenu, ez genuke aurkaririk izango. Inoiz inork ez baitugu hatzekin mukirik ateratzen, ezta?
Hau dena jakinda, zu zer zara pringatua ala popularra?
Egin zaitez bazkide