S.O.S. Oleta eta Izazpi

Mehatxua zena gauzatzeko arriskuan dago. Capital Energy enpresak Buruzai proiektua aurkeztu berri du eta, gelditzen ez baditugu, lau haize errota erraldoi eraikiko dituzte Oletatik Izazpiraino, parean harrapatutako dena suntsituz (landaredia, fauna, kultur-ondarea eta Oletako eta Izazpiko gurutzeak barne).

Erokeria hau gelditzeko garaiz gabiltza. Alegazioak aurkezteko epea dagoeneko zabalik da. Egun gutxi ditugu testua aurkeztu eta proiektua gelditzen serio saiatzeko. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek bere kasa utzi dituzte gure mendiak, Capital Energyren diru-gosearen hatzaparretan. Hilabete luzez mugitu gabe eta ahotsik altxa gabe egon dira, enpresari abantaila ematen. Horren aurrean, herritarren indarra geratzen zaigu bakarrik udalei presioa eragin eta, gutxienez, alegazioak aurkez ditatzaten bultzatzeko.

Erakutsi zure desadostasuna eta defendatu gu denona dena eta horren kuttuna duguna: mendia. Proiektu eolikoak ez dira irtenbidea, beraiek hala saldu nahi badigute ere, gezurra da mendiak industrializatuta industrializazioaren kalteak konponduko direnik. Energia berriztagarrien alde gaude, baina ez horrela!!

1. Alegazioaren testua irakurri eta babestu, SINADURAren bitartez.
2. DIRUZ LAGUNDU: prozesu luzea izango da eta abokatuen beharra izango dugu nahi eta nahi ez. Bakoitzak ahal duen neurrian borroka hau diruz sostengatzea ezinbestekoa da aurrerantzean.
3. Megaproiektu eolikoen kontrako talde ekologisten mobilizazioetan PARTE HARTU eta herritar gisa dugun erantzukizuna baliatu erakunde publikoak presionatzeko.

Egun hauetan aukera aparta daukagu horretarako. Mendi gailurretan central eolikoen aurkako aldarriak lau haizetara zabaltzeko deia egin dute Euskal Herri osoko talde ugarik, tartean gure bailarako hainbat taldek ere.

Adi deialdiei!!!

Abenduak 31:

Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatzen duen “Gure txokuk ezautzen” ekimenak bat egingo du Oletan ere ez! taldearen aldarrikapenarekin, eta Kakuetara irteera egingo du (8:30ean Azkoitiko plazatik abiatuta).

Urtarrilak 1:

Sañu Bizirik taldeak antolatuta, Erlora irteera (9:00etan Azpeitiko plazatik abiatuta)
Zestoako Agiro Mendi Klubak antolatuta, Erlora irteera (9:00etan abiatuko dira Zestoako Gurutzetik eta 11:00etan elkartuko dira Erloko gurutzean).

GUZTION ARTEAN LORTUKO DUGU!!! MENDIAK ASKE!!!

Jarraian alegazioak:

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide