Albisteak

Saharako kanpamentuetan denboraleak eragindako kaltetuen aldeko kanpaina abiatu da

Duela aste batzuk denboraleak sekulako kalteak eragin zituen Saharako Errefuxiatuen Kanpamentuetan. Ondorioz, Gipuzkoako Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteak kaltetuei laguntza emateko kanpaina abiatu du. Kanpainaren barruan, Zestoako WADNA Elkarteak kontu korronte bat ireki du herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Hau da gipuzkoako S.E.A.D.en Lagunen Elkarteak zabaldu duen oharra:

2015eko urriaren 17an eta 18an Saharako Errefuxiatu Kanpamentuek euri-jasa indartsuak eta haize-bolada biziak jasan zituzten, eta ondorioz, Wilaya guztietan uholde izugarriak izan zituzten. Uholdeak kalte larriak eragin dituzte eta ondorioak izugarriak izan dira. Etxe, eskola, osasun zentro, elikagai biltegiak eta gainerako eraikinak zeharo hondoratu dira. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoaren arabera, 25.000 saharar etxerik gabe gelditu dira negu gorriari aurre egiteko babesik gabe utzita.

Saharako Ilargi Gorria eta kanpamentuetan lanean ari diren Nazio Batuetako Agentziak elkarlanean galeren balorazioa egiten ari dira, ahalik eta azkarren, premia nabarmenak zein diren zehazteko. Eta deialdia egiten zaie zergapeko estatuei, nazioarteko erakundeei, gobernuz kanpoko erakundeei eta baita Saharako lagun guztiei ere. Kaltetuei diruz laguntzeko Zestoako WADNA Elkarteak kontu bat zabaldu du: ES83 2095 5033 1110 7151 0001

Jasotako diru guztia, Ilargi Gorriaren kontura bidaliko da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide