Paperekoa
SAN HAUTESKUNDE – Mikel Arregi “Ertxin”
— 2016-07-05Sarritan entzun izan dut hauteskundeak demokraziaren festa omen direla dioen esaera. Zumaian santelmoak bezala, oraingoan San Hauteskunde festa-errepikapena herri gisa azpiratuak gauzkan erresuma gogaikarrian. Gidoia zertxobait aldatu bada ere, egitaraua eta konpartsak aurreko berberak, diskurtsoa ere ez da gehiegi aldatu eta inkestek ere ditxosozko sorpasoa iragarri arren, ez dute emaitza absolutuetan aldaketa handirik aurreikusten. Ikusitakoak ikusita, antzerkiaren amaieran usteletan ustelenak erresuma usteleko presidente izaten jarraituko duela dirudi.
Zestoan ere urtebete udal hauteskundeak izan genituenetik, eta idazten ari zaizuen San Opositore hau, politikaren beste topiko nagusietako bat gezurtatzeko moduan da. Izan ere, betidanik esan izan da oposizioan egotea zinez erraza dela. Lan-karga handirik gabe, inori konturik eman gabe gobernuan dagoena gupida gabe jipoitu, gobernuan egotea suertatu balitz herritarrei ilargiaren konkista ere aginduz. Eta gurean bezala, balizko gobernua, gobernutik baino desgobernutik gertuago dagoenean, oposizioaren sarraskirako gosea biderkatzea da normalena jardun politiko klasikoan.
Bada gure kasuan behintzat, aitortu behar dut, gobernu ardura guztietatik kanpo utzita, inolako oposizio eraikitzailerik egitea zaila izanda ere, ez dela batere erraza oposizio eredu berritzailerik asmatzea. Zaila ez ezik, mingarria ere bihur daiteke askotan: adibidez, herrian jaio eta herrian bizi den zinegotzi sendagileak ongizate batzordean parte hartu ezin izana. Zergatik eta kanpoan bizi den gobernu zinegotziak, batzordeak goizean deitzeko kapritxo aldaezina izan duelako.
Arerio politikoaren gaitasun eza bertute bihurtzea ere gabeziaren seinale izan daiteke ordea, eta bere burua ezkertiar eta eraldatzailetzat daukanak ezin du ika-mikan ainguratua gelditu. Ezkerrak buletin ofizialetik harago egin behar du politika, instituzioak beharrezkoak izan arren soluzio izatetik urrun daudelako. Areago esango nuke, erakundeak kontserbatzaileak izan ohi dira, establishmenta arriskuan jarri aurretik gotortuta gelditzeko erabakia gailenduko delako aparatu politikoetan.
Herrigintza herritik egin behar da eta Zestoan azkenaldian hainbat herritar lezio aparta ematen ari zaizkigulakoan nago.
Mikel Arregi “Ertxin”
Egin zaitez bazkide