San Ignazio eta Star Wars (eta San Antonio)

Duela hamaika bat urte, Jesus Altuna handiak esana da “arkeologiak ezertarako balio ez duten gauzen xarma hori duela. Gizakiak dugun abantailatako bat da, gauzengatik interesa edukitzea. Ume bati koloretako kanikak ematen dizkiozu eta erakarri egiten duzu”.

Gizakia gizaki denetik, beti izan ditu gustuko ezertarako ez diren objektuak. Bidaietatik bueltan, oso normala izaten da oroigarriren bat ekartzea, askotan ezertarako balio izaten ez duena. Gero, denbora batean apala bazterrean eduki ondoren, zer egin ez dakigula, bota egiten dugu. Hurbildu Emausen saltoki batera; ikusiko dugu han makina bat perla, oroigarri edo souvenir.

Garai bateko Zestoak ere, horrelako hainbat gauza sortu zituen: urzaleentzako basoak bere otarretxoarekin, postalez osatutako koadernoak, orratzak gordetzeko tutuak, buztinezko neska-mutilak, Urtainen irudiak kotxeko ispiluan zintzilikatzeko… den-denak jakineko esaldiarekin: Recuerdo de Cestona. Ez dute ezer askorako balio, hortera samarrak dira baina badute zerbait berezia, urteak pasa ahala nabaritzen zaien halako zera bat.

Behin, Danbolineko lerroetan San Ignazioren oroigarriaz idatzi nuen (Pequeña capilla de San Ignacio de Loyola, dio saltzaileak). Loiola derrigor bisitatu beharreko tokia zen urzaleentzat garai batean eta, ondorioz, oroigarri mordoxkaren gaia. Fededun zintzoek debozioz gordeko zuten kaperatxoa. Besteek, berriz, oroigarria ikustean, basilika handi hura eta, batez ere, han inguruan hartutako txokolatea eta boladua izango zituzten gogoan.

Kontuak kontu, egunen batean norbaitek erosi zuen kaperatxoa eta egin zuen bere bidaia, auskalo zein tokitara. Baina duela urte batzuk berriro itzuli zen abiapuntura, Zestoara. Danbolineko lerro haietan kontatu ez nuena da nolako paketean iritsi zen gure herrira: azalean, paketeak egiteko erabili ohi den paper marroi hori zeukan; hura kenduta, burbuilazko plastikoz bilduta zetorren, hiruzpalau bueltatan, kaperatxoa puskatzeko arriskurik gabe; eta hura dena kenduta –eta hau zen miresgarriena– Star Wars figura baten kaxan sartuta zegoen San Ignazio. Bikaina, pentsatu nuen: San Ignazio eta Izarretako Gerlariak “mano y mano”. Bikaina!

San Ignazioren medaila bat ere erosi nuen hark ere “Cestona” zeukan grabatutaeta duela gutxi Paduako San Antonioren batekin egin dut topo. Esan beharrik ez dago, zein gizarte erlijiosoan garatzen zen turismoa Zestoan, eta zein erreparo gutxirekin merkaturatzen zuten erlijioa. Jakina da zer esan zion Dostoyevskiren liburuan Inkisidore Nagusiak Kristori, berriro gure artera jaistea erabaki eta Sevillan azaldu zenean: “Zertako etorri zara traba egitera?”

Bueno, ba, kontuak kontu, San Antonioren medaila ere saltzen zela, “Cestona” hizkiak grabatuta. San Antonio XII. mendean bizi izan zen eta frantziskotarren ordenako fraidea zen. Gauza jakina da mundu osoan, eta gure artean ere bai, ezkontzen santua dela San Antonio, bikote bila dabiltzanen santua. Bere egunean (ekainak 13) neska ezkongabeek santuaren medaila erosi ohi zuten ezkongaia aurki zezaten laguntza eskatzeko. Ezkongairik aurkitzen ez bazuten, atzekoz aurrera jartzen omen zuten irudia, bikote on bat aurkitzen zuten arte. Nik erositako medailari buelta ematen bazioten, beraz, “Cestona” hitza geratuko zen bistan… Hara ba: Zestoa bistan zeramana… neskazarra!

Esan behar dut, erosi nuenetik, nik neronek ez dudala probatu ea medailak bikotea bilatzeko “indarrik” ba ote duen. Zeinek daki!

A! eta honek ez zuen Star Wars-ik; hau xume-xume bilduta bidali zidaten, apurtzeko beldurrik gabe. Ekainaren 13an aterako dut, bai alajaina! [kar, kar, kar].




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide