Santakutzak asteburuan?

Aurreko urtean bat baino gehiagori entzun nion, santakutzak asteburura pasatzeko kontua. Orain danbolinek inkestako galdera luzatu du webean eta ohikoa baino jende gehiago ari da parte hartzen. Herrian, kalean dagoen eztabaida dela dirudi, edo egon beharko lukeena.

Seguru nago askori izugarrizko astakeria iruditzen zaiola, “Santakutzak egunean bertan ospatu behar dira, bestela ez du zentzurik”, “Beti horrela izan da eta nola aldatuko dugu ba?”, “Tradizioa hori da eta mantendu egin behar da”.

Tradizioak mantentzeko, ordea, garai berrietara egokitzea behar-beharrezkoa da, bestela galdu egin ohi dira. Santakutzak ez dut uste galtzeko arriskuan daudenik, baina inork ez du ukatuko, astean zehar beherakada nabarmena izaten dutela. Taldeak osatu ezinik, bi taldeko elkartu egin behar, jendeari mesedez irteteko eskatzen… Garaiak aldatu egiten dira, lehen ia mundu osoak herrian egiten zuen lan eta denek jai izaten zuten Santa Kutz eguna, orain, ia inork ere ez.

Festak izan behar du garrantzia eta ez egunak. Urrutira joan gabe, Zumaian santelmoak urtero egun desberdinetan ospatzen dira, eguna berez apirilaren 14an da, baina festak Aste Santu ondorengo bi asteburutan ospatzen dira. Korpus eguna, berriz, osteguna izaten da baina hainbat herritan (Oñati, Segurua, Donosti…)  Korpusetako festak eta ekitaldiak asteburuan egiten dira, korpus ostegunak baino indar handiagoa du orain igandeak. Arrate eguna abenduaren 8an bada ere, Eibarren irailaren 8ra pasa zuten eta abenduan beharrean irailean egiten dute festa. Ugarten Errosario eguna urriaren 6an da eta festak urriko lehenengo edo bigarrengo asteburuan ospatzen dituzte. Itsasondon abuztuko Andra Mari jaiak, iraileko hirugarren astera pasa zituzten. Horrelako hainbat eta hainbat adibide topatuko ditugu Euskal Herrian.

Niri ez zait horrenbesteko aldrebeskeria iruditzen festak asteburura pasatzea. Beste hainbat herritan egin dute eta ez da mundua bukatu. Zergatik ez ospatu Santa Kutz eguna maiatzeko lehenengo larunbatean? Ostiralean danborrada eta festetako egun “handia” larunbatean, haurren danborrada bukatu eta denok triste-triste etxera joan beharrean, jaiak jarrai dezala. Horrela, bezperako jaiaz gain, Santakutz eguna bera ere indartuko genuke, larunbatean goizez, arratsaldez eta gauez ospatuz.

Dena ez dator betitik eta ez da betiko, gauzak alda daitezke, aldatu egin behar dira… Tradizioa, aldatzen, mugitzen bada, bizirik dagoen seinale.

Gaia hausnartu, alde onak eta txarrak aztertu eta agian aldatzeko erabakia hartu beharko da. Probatzeagatik, ez da ezer pasatzen, hala?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide