Santakutzetako prozesioa

Askotan esan izan da lehen mailako eta bigarren mailako biktimak ote dauden hemen, euskal gatazka deitu izan diogun honetan. Beldur naiz tradizioarekin ere antzeko zerbait ez ote den gertatzen. Santakutz jaiak gainean ditugunez, egun horietako tradizio kontuei erreparatu nahi diet hemen eta, bereziki, duela hiruzpalau urte desagertu zen prozesioari. Ez da nire asmoa prozesioa ez egiteko erabakia eztabaidan jartzea hemen, baizik-eta herriko tradizio zaleek txintik ere esan ez izana. Horregatik esan dut hasieran, lehen eta bigarren mailako biktimak ez ote dauden tradizio kontuetan ere.

Prozesio horrek bazituen, tradizio ikuspegiari eta estetikari lotuta, hainbat gauza erakargarri. Bata zen prozesioaren itxura bera –segizioa– gaur egun ia bakarrik, entierrotan, kanposanturako bidean, mantentzen dena, eta, jakina, ikuspegi laikotik begiratuta manifestazioetan, baina askoz ere solemnitate gutxiagorekin.

Beste gauza deigarria da apaizburuak ematen zuen erlikia, Lignum Crucis-a. Lignum crucis hitzak gurutzearen egurra esan nahi du. Tradizioak dio Konstantino enperadorearen ama Elenak, 325. urte inguruan, bidai bat egin zuela Jerusalemera, eta han aurkitu zuela Kristo gurutziltzatu zuten gurutzea. Geroztik, munduko hainbat elizatara zabaldu omen ziren gurutzearen zatitxoak, eta milaka zatitxoren artean, bat Zestoara ekarriko zuen herriko fededun handikiren batek. Esan beharrik ez dago, gaur egun legendatzat hartu genezakeela kontu hori, baina ehunka urtetan milaka eta milaka zestoarrek bene-benetan sinistu zutela gurutze zatitxo hori egiazkoa zela. Erlikien mundua oso kuriosoa eta bitxia da, eta gure udalerrian makina bat baziren, batez ere santuenak (Arroan, esate baterako, hogeitik gora ba omen ziren, Erentxunek dioenez). Gazteren bat ari baldin bada lerro hauek irakurtzen, zeharo harrituta geratuko da, baina garai hartako erlikia erosketa ez da oso desberdina gaur egungo beste gauza batzuekin konparatuta: esate baterako, ez dakit zer futbol talderen baloia edukitzea, ez dakit zein futbolariren sinadura edo kamiseta, ez dakit zein pilotariren eskuko zera hori… Gauza antzekoak dira, sinesmen gehiago edo gutxiago alde batera utzita.

Baina –eta hona iritsi nahi nuen batez ere– prozesioa alde batera uzteak ekarri duen beste galera da musika. Gure Anparito eta bere konposatzaile Texidor hain mirestuak dituzten makina bat tradizio zalek ez dute, publikoki behintzat, ezertxo ere esan prozesioan jotzen den martxari buruz. Pier Paolo Pasolini handiak esan zuen bezala, “ (…) una tradición que es asesinada cada día por quien se quiere defensor suyo” (bere defendatzaile izan nahi dutenek egunero hiltzen duten tradizioa).

Bai, prozesio hartan Jaime Texidorren Virgen de la Roca jo ohi zen, nik ez dakit noiztik. Ni seguru nago Anparito bezain ondo edo hobeto joko zutela martxa hori oraingo eta lehengo bandakideek, baina ez du, nik dakidanez, pasodobleak bezalako goraipamenik jaso. Ezjakin hutsa naiz ni musika kontuetan eta dakitenek esan beharko dute.

Nolanahi ere, prozesioarekin batera musika pieza eder bat galdu dugu. Garai hartako grabagailu kaskar batean grabatu nuen nik –kasetean, noski– 2000ko maiatzaren 3an, eta lehen kalitate kaskarrekoa zena asko okertu da ordenadorera pasatzerakoan. Zer egingo diogu bada… Hemen lotura, nahi duenak entzuteko eta, ondoren, orduan jaso nituen oharrak:

https://www.dropbox.com/s/1q5umkogemk1814/Virgen%20de%20la%20Roca.m4a?dl=0

2000ko maiatzaren 3a, goizeko 11:45 aldera, udaletxeko balkoitik. Prozesioa eliza ataritik irteten da eta Erdikaletik barrena Portaletik [orain Gesalaga] Gurutzera eta handik elizara. Prozesioa hasi aurretik, plaza zabalean jende multzo txikiak, aglomeraziorik ez da ageri. Halako antzinako itxura bat nabaritzen da giroan.

Lehendabizi, bandako partaideak eliza atarira; antolatu gabe, zalapartaka, kuadrillaka. Prozesioaren hasiera; jende edadetua. Jendea dotore jantzia. Banda bazter batean, diskretuki. Apaizen atzetik jendea. Erdikalean, pose handia darama jendeak; antzinako ospakizun erlijiosoen itxura; lerrokada garbiak. Bueltakoan, prozesioak multzo garbiak sortzen ditu: jendea, erlijiosoak, banda, jendea. Banda ere sartzen da elizara. Beste xehetasun bat: jendeak txapela kenduta darama. Prozesioaren ondoan, plazan, hasieran, globo saltzailea ekitaldiaren seriotasuna puskatzen; gero, bueltakoan, ez da ageri. Beste bitxikeria bat: emakumeak emakumezkoekin eta gizonak gizonezkoekin, nahasmendurik gabe.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide