Albisteak

Santakutzetako danborradarako karroza lehiaketan izena eman daiteke jada

Santa Kutz jaietako umeen danborradan aterako den karroza egiteko lehiaketa antolatu du beste urte batez Udalak. 18 urtetik gorako eta Zestoan bizi den edonork, banaka edo taldean, parte hartu ahal izango du, epaimahaikoek izan ezik eta lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Deialdia zabalik dago dagoeneko, eta lanak aurkezteko epea martxoaren 5ean amaituko da, 14:00etan. Egindakoaren emaitza maiatzaren 3an ikusi ahal izango da, umeen danborradan.

Lehiaketan parte hartzen dutenek karrozaren ideia eta diseinua aurkeztu beharko dute maketa baten bidez , eta irabazle suertatuz gero, berea izango da karroza egiteko ardura. Era berean, egilearen lana izango da karrozak inguruan behar dituen pertsonaiak bilatzearena zein haiek janztearena. Gainera, danborradaren egunean, karrozaren segurtasunerako behar diren pertsonak lortu beharko ditu irabazleak.

Lehiaketaren helburuen artean, “gai eta ikuspegi anitzak plazaratzea” nahiz “sormenerako abilidadeak dituztenei aukerak ematea” daudela adierazi du udalak.

Lehiaketako irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du, eta hark danborradaren bezperara artean izango du lana gauzatzeko aukera, udalak jarritako lokal batean.

Lanen entrega, udaletxean

Zestoako Udala. Foru plaza 1 – 20740 Zestoa helbidera bidali behar dira lanak. Aurkeztutako maketek izenburu bat izan beharko dute azpialdean, baina egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira. Maketarekin batera, memoria ere aurkeztuko da, eta han ere maketak daraman izenburua jarriko da kartazalean. Maketarekin eta memoriarekin batera gutun azal itxi bat aurkeztuko da, kanpoaldean lanaren izenburuarekin. Gutun azalaren barrualdean, berriz, lanaren egilearen ondorengo datuek egon beharko dute: lanaren izenburua, izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta Nortasun Agiriaren fotokopia.

Lehiaketaren inguruko oinarri guztiak lotura honetan aurki daitezke.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide