Albisteak

Bertako ekoizleen lana saritu dute Zoroperiako lehiaketetan

Zoroperia azokan, aurten ere, Sagardo, Ezti eta bertako produktuen lehiaketak ospatu dira. Ekitaldiari hasiera Aitor Ossa zinegotziak eman dio, eta bere hitzaldian eskerrak helarazi dizkie parte-hartzaile guztiei.

Ossak nabarmendu du azokan baserritar eta ekoizle gisa parte hartu dutenei egindako ahalegina, are gehiago gaur egungo testuinguruan azokek gero eta garai zailagoak dituztela kontuan hartuta. Azpimarratu du lehen sektorean egunerokoan lanean dabiltzanentzat ez dela erraza izaten azokara etortzeko denbora hartzea, eguneroko lanari gehitu behar baitzaio azokako prestaketa eta presentzia. Horregatik, bereziki eskertu du gaur Zoroperiko azokara hurbildu direnen esfortzua.

Gainera, Udaletik bertako produktuen kontsumoa sustatzeko borondatea berretsi du, eta baserritarrei zein lehen sektoreari bultzada ematen jarraitzeko asmoa azaldu du, tokiko ekoizpena indartzeko helburuarekin.

Sarrerako hitzen ondoren, sari banaketari ekin diote. Une horretan, Fernando Arzallusek azaldu du aurtengoa 34. edizioa dela, baina ez 34. urtea, lehiaketak bere ibilbidean izan dituen etenaldiak eta moldaketak gogoraraziz.

Zoroperi azoka eguneko sari banaketa

Zoroperiko azokan ospatutako Sagardo, Ezti eta Bertako Produktuen lehiaketen barruan, hainbat sari banatu dira. XXXIV. Barazki eta Fruta Lehiaketako barazkien atalean, lehen saria Karmen Etxeberria Irustak jaso du, Bergarako Etxagueazpikoa baserritik etorrita. Aurkeztutako postuen ugaritasuna eta kalitatea kontuan hartuta, epaimahaiak bigarren sari bat ere ematea erabaki du, Ezozi Etxeberria Irustarentzat, Soraluzen dagoen Aritzaga baserriarengatik.

Barazki ekologikoen saria Jose Lonbiderentzat izan da, Aretxabaletako Unzilla ortutik etorria. Fruten atalean, berriz, lehen saria Andoni Aizpuruk eskuratu du, Errezilgo Mugarrieta baserritik, eta berak jaso du, halaber, Errezil sagarrik onenaren saria.

Ondoen aurkeztutako postuaren saria ere Ezozi Etxeberria Irustarentzat izan da, Aritzaga baserriarekin egindako lanagatik.

Urolako XXVI. Ezti lehiaketan, lehen saria Igor Odriozolak irabazi du; bigarrena Xabier Galarragarentzat izan da, Zarauztik etorria, eta hirugarren saria Mikel Erkiagarentzat, Zestoakoa.

Zoroperi eguneko XXV. Sagardo lehiaketan, lehen saria 7 zenbakidun sagardoak eskuratu du, Arroako Etxeberri baserriarena. Sari banaketa egon ez diren arren, bigarren saria 1 zenbakidunarentzat izan da, Arroako Larratzabal Berrikoa, eta hirugarren saria 9 zenbakidunarentzat, Larratzabal Goikoarena.

Amaitzeko, Arzallusek adierazi du sagardo dastaketa historikoki Arroa inguruan ibili izan dela, eta aurtengo edizioan Lasaoko bi “lore” berri nabarmendu nahi izan dituela, lehiaketara animatu izanagatik: Beroaran eta Edarritzagabarrena sagardogileak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide