Albisteak

Sastarrain bailarako landaretza ezagutzeko doako bisita gidatua antolatu du Ekainberrik Ice Age eguna ospatzeko

Izotz Aroarekin harremana duten Europako 13 ondare lekuk osatzen dute Ice Age Europe sarea. Ekainberri hasieratik bertako kide da eta urtero jarduera bereziren bat antolatzen dute sareko kideek Ice Age Europe egunerako.
Igande eguerdian gida baten laguntzaz Sastarrain bailarako landaretza ezagutzeko oinezko ibilaldia egingo da. Gaur eguneko landaredia eta duela 14.000 urte Ekaingo margoak margotu zituztenek ezagutu zituzten landareak alderatuko dira. Plan ezin hobea izango da bazkalorduaren aurretik ibilalditxo bat eman eta naturaz gozatu nahi duen edonorentzat, familian, taldetxoan zein banaka.
Sastarrain bailarak babestutako gune izaera dauka. Hori dela eta, oraindik historiaurreko landaredia topa dezakegu bertan. Antolatzaileen esanetan, “Ekain kobazuloaren margoen garrantzia hobeto ulertzeko, Ekain Lurraldea ezagutu behar da; nolakoa zen Ekaingo zaldi ospetsuak margotu zituzten pertsonak bizi ziren ingurunea, nola aldatu da Ekain Lurraldea azken 14.000 urte hauetan, badakigu klima bezala, landaretzaren ezaugarriak ere aldatuz joan direla lehenengo espezieak sortu zirenetik. Paisaia eta espezieak etenik gabe aldatzen doazen arren, duela 14.000 urteko biztanle haiek ezagututako bailararen osagai izan ziren espezieak topa ditzakegu gaur egun ere. Horietako asko, gainera, haien bizimoduarekin zuzenki lotuta zeuden”.
Igandeko ibilbidea, doakoa izango da, ordu eta erdiko iraupena izango du eta Ekain Lurraldea alderik alde zeharkatuko da. Arropa egokia eta oinetako erosoak eramatea gomendatzen dute antolatzaileek. Turismo bulegoan hasi eta Ekainberrin amaituko da. Parte hartzaileek aukera izango dute Ekain kobara euren kabuz gerturatzeko edo aurrez erreserbarik egin badute, Ekainberri bisitatzeko 943 86 88 11 telefonora deituta edota info@ekainberri.com helbidera idatzita.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide