Su-egur erre, ezkai eta bainuetxeko ur-usaina duen herria

1939 eta 1944ra bitartean, milaka lagunek zeharkatu zuten Pirineoko muga Espainiar Estaturantz. Gehienak frantsesak ziren. 1942etik aurrera, Frantzia osoa nazien kontrolpean geratu zen. Egoera hartan, jende frankok ihes egin eta erresistentziara pasatzea erabaki zuen. De Gaullek erresistentziako armada eratu zuen Ipar Afrikako koloniatan eta horregatik hartu zuten askok Iberiar Penintsula zeharkatu eta hara joateko erabakia.
1943an 23.000 mila iheslari inguru atzeman ziren Pirinioetako mugatan. Estatuko presondegiak eta kontzentrazio-eremuak jendez gainezka zeuden. Iheslari mordo hura gobernaezina bihurtu zitzaion Francoren erregimenari. Gainera, atzerriko enbaxadatatik eta Nazioarteko Gurutze Gorriaren (CRI) partetik presio handia jasaten zuen, iheslari haiek baldintza egokietan egon zitezen eta lehenbailehen askatuak izan zitezen. Arazo horri irtenbidea emateko, aukera berriak aztertu ziren: besteak beste, jendea hoteletan biltzen hasi ziren. Horrela bada, 1943ko udaberrian, Frantzia, Belgika, Italia, Polonia, Estonia aldetik ihesi zetozen ehunka atzerritar egon ziren preso— edo zaintzapean— Zestoako hoteletan. Bizimodu arrunta eginez baina Guardia Zibilaren begi zorrotzen zaintzapean.

2009ko irailean idatzi genuen Danbolin aldizkarian gauza horietaz (98 zenbakia) eta orduan René Dupé iheslari frantsesaren testigantza ekarri genuen. Handik urte batzuetara, Guy Weber belgikarrak idatzitako liburu bat erosi nuen eta hark ere gauza interesgarriak kontatzen zituen. Gaur, liburu hartako Zestoako pasarteak euskaratu eta hona ekartzea pentsatu dut, Juan Gelman poeta argentinarrak salatzen zuena gerta ez dadin: “Desaparecen los dictadores de la escena y aparecen inmediatamente los organizadores del olvido” (Desagertzen dira diktadoreak eta segituan agertzen dira ahanzturaren antolatzaileak).

Hona, azkenik, liburuaren erreferentzia: Guy Weber: Evadés. Voyageurs sans passeport. Louis Musin éditeur, 1979 (87-89 orrialdeak).

* * *

Gure askatzaileak Zestoan (Gipuzkoa) uzten gaitu. Konboi berria, Zarautzen jaisten diren frantsesen artean galdua. Eguerdi euritsu eta triste batean iritsi gara herri txiki batera, su-egur erre, ezkai eta bainuetxeko ur-usaina duen herrira. Mendietatik jaitsitako astoek arrantza egiten dute eliz kantoian. Eta beste bi “asto” Irure Hotelean sartzen dira, eta homosexual parea balitz bezala hartzen dituzte, lehendik besteren batek esana baitzieten etortzekoak ginela. Jean Leurguin eta neu bazkal garaian sartu gara eta belgikar emigrante guztiek begiratzen digute, Charles del Marmol-ek abileziaz eta jakinduriaz galdekatu ondoren. Zestoa kartzela gisa erabili dugu. Oso espetxe gozoa izan zen, Espainiarako bidean. Bertako biztanleez, alkateaz, hango zaintzaileez oroimen hunkigarria gordetzen dut.

Hotel Irure honetan gaude bizitzen, derrigortuta. Bertako “Ama” oso ospetsua bilakatuko zen makina bat herrikiderentzat. Berrogei bat belgikarrek osatutako talde bat zegoen han. Denetik zegoen: jardunean zeuden ofizialak, israeldarrak, Anbereseko diamante-lantzaileak, diputatu komunistak, heriotzara zigortuak, mozkorrak, jauntxo familiako semeak, pederastak, zerbitzariak, Ekialdeko kantonamenduetako lapur eta hiritarrak, errusiar fronteko desertoreak.

Jan egiten genuen (bai, batez ere…), lo egiten genuen, albisteak entzuten genituen baina guretzat debekatua zegoen herritik ateratzea eta, geroago, hoteletik irtetea. Egunero, ilea zeharo moztutakoren bat agertzen zen, ezezaguna, Francoren kartzelaren batetik irtendakoa. Ezinegonez, pasioz eta zenbaitetan etsipenez (edarietan antzeman zitekeen bezala) itxaroten genuen Portugalera pasatzea.

Guk bere neurrian kontsideratzen genuen gure zortea. Besteak Miranda de Ebroko kontzentrazio-esparruan zeuden, edo Bartzelonako presondegian edo Iruñekoan, Figueresen, Madrilen, Sobronen… Oso gutxik zeharkatu ahal izan zituzten alanbre-hesiak eta inongo oztoporik gabe jarraitu bidai klandestinoa Camoensen herrira.

Klanak zeuden. Deschmidt-i aurpegia txikitu nahi izan zioten mozkorrak. Han zeuden, baita, “gogorrak” ere, marinelak. Edaten eta neska bila zebiltzan hegazkinlariak. Bridgean ibiltzen ziren ofizialak eta jendetza hura duintasunez zaintzen ahalegintzen zirenak. Politikan sartutako intelektualak ere bazeuden, taldeei zirikatzen. Israeldarrak, izen faltsua zeramatenak baina benetako sudurra. Jende nazkagarria eta miresgarria zegoen. Nik Max Rosan-ekiko gordetzen dut estimaziorik handiena. Bazegoen, azkenik, alproja jendea beste gauzarik nahi ez zuena: borrokan egitea.

(…) Uztailaren 11n pasaporte faltsuak entregatu zizkiguten, bisa faltsuak, izen faltsuak, benetako Polizia Komisaria bat gu zaintzeko, eta tren batean utzi gintuzten. Oraindik begien aurrean ikusten dut Georges Marquet gure aingeru guardaren zakuak amerikar zigarroz betetzen. Gizaki libreen gisa bidaiari zibilizatu eta ekipaje berridun jendea daraman trenak Espainia zeharkatzen du, turistak garraiatuz. Miranda ikusi genuen, lur lehorrak ere bai, zenbait ibairen hondo lehortuak, zezen talde ikaragarriak. Gau berean Fuentes de Oñoroko zubiko mugan daude. Polizia komisarioak eskua altxatzen du. “Ikusi arte!”. Guk aldarrikatzen dugu “Gora Espainia!” baina denok buruan dugu kartzelatan goizero abesten zen ereserkia eta honakoa esaten zuena: “Il n’y a qu’un chéveux sur la têt ‘ à Mathieu” [Ile bat besterik ez du Mateok buruan; umeentzako kantua da] eta hiru hitzekin bukatzen zena: Una! Grande! Libre!

Turroia, fruta, ardo beltza, koñaka, legatza edo arroza mariskoarekin prestatzeko modua. Ez dira ahazten janariak ordu bietan eta afariak hogeita bietan. Ama eta bere seme-alabak: Angelita, Teresita eta Iruren gutaz arduratzen ziren ume guztiak aliatuak ziren. Mezatan Falangekoek txapel gorriarekin abesten zuten martxa desatsegina zen, harrokeriagatik. Bikarioa, ahaztezinezko sermoietan haria galtzen zuena, boteretsuegia zen. Espainiar Elizak zerbait mantentzen zuen Inkisiziotik. Espainian etengabe pentsatzen nuen On Kixotez eta Calderon-ez. Hainbeste jende dabil haize-erroten aurka borrokan! Eta bikarioa, sermoia egiten, garrasika, negarrez, orroka… ez ote da horixe espainiar dramaren irudi?

Baina maiteminduta geratu naiz koloreez, musikaz, arratsalde epelez, elizatako mantelinez, herrietako zekorketa ahalketsuez, gosez akabatzen dagoen eta lurreko zigarro mozkinak jasotzen dituen “limpiabotas” gaixoaz, alpargatekin eta burua sartzeko erdian zuloa eginda manta batekin babesten diren soldaduez, beren operetako uniformearekin binaka ibiltzen diren guardia zibilez, penintsulako giro honetaz, Marokotik itsas puska batek bakarrik bereizten duen giro honetaz.

 

Argazkia: Zestoan egondako iheslari belgikarrak




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide