Albisteak
Tichlako eta Zestoako alkateek harreman hitzarmen berria sinatu dute Saharako errefuxiatuen kanpalekuan
— 2025-04-14Zestoako ordezkaritza bat Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan da egunotan, eta bidaia hau baliatu dute 1995ean sinatutako senidetze hitzarmena berritzeko.
Atzo, apirilaren 13an, Zestoako eta Tichlako alkateek, Mikel Arregik eta Galuha Bacherrek, senidetze harremanaren hitzarmen berria sinatu zuten Algerian kokatutako Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. Ekitaldian bi alkateez gain, bertako herritarrak eta Fronte Polisarioko koordinatzaile militarra, Abdula Hasse, ere izan ziren.
Mikel Arregi alkatearen esanetan, “Saharar herriaren aurka egiten ari den injustizia politiko eta soziala salatu nahi dugu; izan ere, 50 urte igaro dira milaka saharar euren sorterrira itzuli ezinik errefuxiatuen kanpalekuetan bizi direla, egoera prekarioan.”
Arregik azpimarratu zuen herri guztiek dutela libre izateko eskubidea, eta nazioarteko komunitateak bere konpromisoak bete ez arren, “zer gutxiago herri txikien arteko elkartasuna baino.” Era berean, elkartasuna adierazi zien Saharako eta Tichlako herritar guztiei, euskal herritarren eta, bereziki, Zestoako herritarren izenean. Eskerrik beroenak eman zizkien, halaber, azken urte hauetan saharar herriaren oinarrizko bizi baldintzak hobetzeko lanean aritu diren eta ari diren Zestoako herritar boluntario guztiei, eta nola ez, Wadna elkarteari.
Tichlako alkatearekin eta bertako auzo ordezkariekin egindako bileran, Zestoako Udalak bideratzen duen laguntza eta bertako premiak aztertu zituzten. Bereziki, ur-hornidurarekin lotutako arazoak eta bertako administrazioarentzat euskarri informatikoen kudeaketan laguntza emateko prestasuna adierazi zuen Arregik. Hori horrela, bidaia honetan, Zestoako Udalak hiru ordenagailu eraman ditu Tichlara, eta helburua da epe motzean herriko errolda digitalizatzea.
Azkenik, Tichlako alkateak eta Fronte Polisarioko koordinatzaileak eskerrak eman zizkioten Zestoako herriari eta bertako boluntarioei urte luze hauetan zehar emandako laguntza eta elkartasunagatik.
Argazkiak: Zestoako Udala
Egin zaitez bazkide