Albisteak

[TTAK!] Felipe Suarez eta Federico Astilleros Guardia Zibilak tirokatuak

Federdico Suarez eta Fede Astillerosen kasua kontatzeko erreportajea osatu du Miel Anjel Elustondok Argian:

Argazkia: Zaldi Ero (Argia)

1976an bi lagunen autoa tirokatu zuen Guardia Zibilak Zarautzen. Garaian betiko aitzakia eman zuen indar polizialak, autoa ez zela kontrolean gelditu, kontrola saltatu zuela. Handik bi egunera hila zen Felipe Suarez, buruan jasotako balaren eraginez. Artean, zauriturik baina bizirik zen Federico Astilleros: “Han ez zegoen kontrolik!”, esan izan zuen beti Astillerosek, baita etxeko tabernara kontrakoa esateko agintzera etorri izan zitzaion Guardia Zibilari berari ere. Guardia Zibilak eta Espainiako Gobernuak ez dute inoiz barkamenik eskatu, errudunak ez dira inoiz epaitu.

Egunkarietako ebaki zaharretako lerroburuak dira: “Gazte bat hilik, zauritua izan eta gero, kontrol batean ez geratzean [Zarautzen]”, “Zarautz. Hildako bat kontrol bat saltatzean”… 1976ko apirilaren 10ean, larunbata, 21:30ean, Felipe Suarez Delgado eta Federico Astilleros Ocaña Zarauztik Zestoara, etxera zihoazen autoa tirokatu zuen Guardia Zibilak, Zarauztik Meagara bideko orduko lehen bihurgune bihurrian. Felipe Suarez Delgado auto-gidariak irekita zeraman leihoa. Guardia Zibilak tiro egin eta buruan sartu zitzaion bala, barruan lehertu metraila; Federico Astillerosek, berriz, besoan jaso zuen tiroa. Hurrengo egunean hila zen Suarez, eta ondoko egunetan eman zuten albistea Frankismoa sostengatzen zuten bateko eta besteko egunkariek: kontrola “saltatu” zutela, ez zirela geratu… Hedabideek gertakarien sailera baztertu zuten berria, astea lehenago Anjel Berazadiren hilketari eskainitako azal eta argazkiak ukatuz, adibidez. Eta, hain da horrela, ez baita Guardia Zibilak tiro egin zuen hartan gertatuaren irudirik –inolako erreprodukziorik ez, fotografiarik ez berreraikitzerik–, autoaren argazki “bahitua” baizik: Suarez-Perez familiak senar eta aita izan zutena biktimatzat aitortzeko eskariaren barruan aurkeztu zuten argazkia Palentziako epaitegian iaz, itzultzeko eskatua ere dute, baina artean ez dute jaso.

DESTINOA: ZESTOA

1976an Zarauzko hartan hildako Felipe Suarez Delgadoren alarguna da Valentina Perez Saiz. Palentziako (Espainia) jaioterrian da senarra hil ziotenetik. 50 urte atzera egin eta hasi zaigu: “Gure aita telegrafoetako langilea zen, eta Zestoan jardun zuen lanean, bainuetxeko bulegoan. Zestoan zegoela, Koiote tabernan bizi izan zen, apopilo, eta, geroko batean, nire senarrak –telegrafoetako langilea hura ere–, destinotzat Zestoa hartzeko aukeran izan zuenean, gure aitak haraxe joateko esan zigun, herria polita zela; jendea, adeitsua; gustura egon zela bera han. Haren hitzei jarraikiz joan ginen geu ere Zestoara –senarra eta biok eta bi haurrak–, telegrafo-etxean destinoa hartuta”

Jarraitu irakurtzen hemen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide