Albisteak
[TTAK!] Manhattan, Riga, Igorre
— 2021-02-12Jon Artanok Urola Kostako Hitzan idatzitako iritzi artikukua da honakoa:
“Orain urte asko Bostgarren Avenidako Barnes and Nobel liburudenda ezagunean nengoen…” .
Gotzon Garateren oroitzapenetatik abiatu dut gaurkoa. Zuri dago egunotan New York, elur ekaitz beldurgarriak izan dituzte eta. Garateren kontakizuna, ordea, uda beteko egun batez gertatu zen. Itzul gaitezen liburudendako apalategi artera…
“…eta esaera zaharren liburu bat aurkitu nuen: The Penguin Dictionary of Proverbs. Badu atal bat: People and Places. Atal horretan frantsesei, italiarrei, espainiarrei, alemanei… buruzko esaerak daude. Denak beltzak, denak laidogarriak.
Espainiarrei buruz, adibidez, hauxe esaten du: The Spaniard is a bad servant, but a worse master, Espainiarra zerbitzari txarra, baina nagusi txarragoa. Beste nazioetakoei buruzkoak ere horrelakoxeak dira. Eta hara, horko esaerak gaiztoak izan arren, zer irakurtzen dugun: The Basque is faithful. Euskalduna hitzekoa da. Nire poza hori irakurri nuenean! Esaera zaharrek esperientzia erakusten dute. Eta ingelesek euskaldunok hitzekoak ginela ikusten zuten”.
Hura poza, Garaterena, Manhattan irlaren erdian altxorra aurkitu zuenean.
Hitzekoak omen. Orain hurrena egunkari honetan publikatu zidaten artikuluari horrelaxe jarri nion akabaila: “Behin tokatu zait mutur-joka aritu beharra. Latza izan zen. Aurkariak Dolph Lundgrenen bikia zirudien. Hemen kontatzeko asmoa nuen. Hurrengo batean beharko du, besterik okurritzen ez bazait”. Sentitzen dut. Ez zait besterik okurritu.
Egin zaitez bazkide