Albisteak

[TTAK!] Pandemiak baldintzatutako Euskaraldiak ‘arigune’-etan ipini du erronka

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria elkarrizketatu ditu Onintza Iruretak Argian:

Zuek zer izango zarete, belarriprest edo ahobizi?

Miren Dobaran: Nik ahobizi aukeratu dut, nahiz eta izena eman dutenen %80k ere ahobizi aukeratu duen eta belarriprest-ak behar ditugun. Normala da [antolatzaileen ustez belarriprest kopuruak handiagoa izan behar du ahobizi  kopuruak baino], bigarren aldia da, ez da erraza rol bakoitzak zer esan nahi duen ulertzea eta jendeak rolak gaitasunarekin lotzen ditu, jokabidearekin baino. Orekarik ez dago [belarriprest eta ahobizi portzentajeetan], eta hor jarri behar dira indarrak. Masa kritiko handia daukagu agian hamabost egunerako ahobizi konpromisoa ezin duena hartu, baina bai belarriprest-arena. Ez dakigu jende horrek rolak ez dituen ulertu eta horregatik ez den animatu belarriprest izatera edo zer gertatu den. Lana egin behar dugu, jendeari ulertarazteko eta beldurrak kentzeko.

Kike Amonarriz: Ahobizi izango naiz. Mirenek esan duenaren haritik, orain arte iritsi ez garen sektoreetara iritsi nahi baldin badugu progresioaren ideia oso inportantea da. Bi rol egoteak hori adierazi nahi du. Hizkuntza praktiken aldaketan badago graduazio bat: lehen urrats batzuk emateko prest baldin bazaude, baina ikusten baduzu ahobizi-aren konpromisoak urrutiegi dauzkazula, tarteko etapa bat daukazu. Tarteko etapa hori zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago sortuko ditugu euskaraz egiteko, eta orduan eta jende gehiago hurbilduko dugu euskararen praktikara.

Euskal Herri osorako ariketa berdin planteatzeak ez dauka arriskua ingurune batzuetan, batik bat euskaldunetan, ariketa ahultzeko?

K. Amonarriz: Kontrakoa ikusten dut. Herri txiki euskaldun batean, beharbada, txapak ere ez dituzte beharko zeren denek badakite euskaraz egiten dutela, baina herri txiki horietan ere, badira euskararen erabilera ohikoa ez duten pertsonak eta horiek hurbiltzeko belarriprest-aren figura ezinbestekoa da. Bestalde, ingurune edo familia erdaldunean bizi denari esaten badiozu mundu guztiari lehen hitza euskaraz egin behar diola eta inguruko guztiekin euskaraz egin behar duela, kolapsatu liteke eta utzi. Belarriprest-aren figura abegikorra da, motibatzailea, eta harrera funtzioa betetzen du.

Ehuneko bosta galdu genezake ahobizi-ak izan zitezkeen horietan? Bada, agian, gal genitzake, baina irabazteko daukaguna galdu genezakeena baino mila bider gehiago da.

M. Dobaran: Ados nago. Entrenamendua behar dute eta ezin dute ariketa hasi estresatuta. Jendeak serio hartzen du hau eta ondo egin nahi du.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen hemen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide