Albisteak

[TTAK!] Zahartzea eta zaintza: SOS

Xanti Ugartek Argiarako idatzitako iritzi artikulua:

Ikusita nola dagoen adinekoen zaintzaren eta giza eskubideen egoera gatazkatsu eta onartezina egoitza gehienetan, ikusita hiru diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren propaganda zakarra, eta adineko pertsona bat zaintzen den etxeetan isilean gertatzen ari dena, etorkizunak beldurtu egiten du, asko beldurtzen du.

Eta gaur daukagunari bat, bi edo hiru hamarkada gehitzen badizkiogu? Trankil egon gaitezke pentsatuz zaintza duinagoa, merkeagoa eta pertsonalizatuagoa izango dela, eta bizi garen lekutik gertuago egongo garela, eta zaintzen gaituzten pertsonek zaharrentzako denbora gehiago eta lan-baldintza hobeak izango dituztela?

Gaur egun, 65 urtetik gorako pertsonak biztanleriaren %20 gara, eta 20 urtean %30 izango gara. 80 urtetik gorakoak %6 gara, eta 30 urtean %12 izango gara. Zaintzaileen soldatak, ratiok eta laguntza ekonomiko berberei eutsiz, 20 urtetan gastu publikoa gutxienez %50 igoko litzateke. Horri beharrezko hobekuntzak gehitzen badizkiogu, hala nola ratio onargarriak eta lan-baldintza normalagoak (Osakidetzaren antzekoak), etxean artatutakoentzat laguntza handiagoak izateaz gain, gastuaren igoera %65etik gorakoa izango litzateke. COVID osteko krisiak eta errezeta neoliberalek ez dute onartuko.

Eta zer gertatuko litzateke egungo gastu publikoaren ehunekoa handitu gabe mantentzen bada? Aldaketa demografikoa kontuan izaten badugu, egoera oso gogorra izango litzateke. 20 urtean, dirulaguntzak erdira jaitsi litezke, plaza publikoen prezioak %50 igoko lirateke, langileen ratioak %25 murriztuko lirateke.

Horregatik guztiagatik, Irauli-Zaintza Plataformak SOS bat jarri du abian. Euskal gizartean belaunaldien arteko adostasuna lortzeko eztabaida publiko, sozial, akademiko eta politikoa da bidea.

Jarraitu irakurtzen hemen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide