Txarkeriarik larriena

Espainian torturak egin direla esan zuen Jose Ricardo Fernandez de Prada epaileak, duela egun batzuk, Tolosako mahai inguru batean, eta hitz horiengatik “neurriren bat” hartzeko eskatu dio Espainiako Barne ministroak Espainiako Botere Judizialaren kontseilu nagusiari. Gai horrek eztenduta, iaz, garai modu honetan, Danbolin aldizkarirako idatzi nuen enbidoa –eta azkenean argitaratu gabe utzi nuena– etorri zait burura. Hemen partekatzen dut zuekin.

* * *

Duela hilabete batzuk, Eusko Jaurlaritzak idatzi bat bidali zigun Zestoako Udalera, 1960 eta 2013 bitartean izandako torturari buruzko azterketa bat egiten ari zirela eta, laguntza eske (udal erabakiak, dokumentazioa…). Neuri egokitu zitzaidan gaia aztertzea, nahiz eta oraindik ez dudan denbora askorik izan horretarako.

Tortura, gizakiaren txarkeriarik larriena. Udaletxeko paperak aztertzen ari nintzen egun haietan prentsan azaldutakoak eman zidan lehen zaplaztekoa: Estatu Batuetan, militarrek ez ezik, hainbat medikuk, psikologok eta abokatuk (denak zerbitzu sekretuen soldatapean) sekulako laguntza eskaini omen zuten kartzelatuak torturatzeko: “Medikuek erabakitzen zuten presoak ‘gai’ ziren ala ez torturatuak izateko; ospitaletan erabili ohi diren monitore (ordenagailu) bidez kontrolatzen zituzten jipoiak, presoak hil ez zitezen; tortura metodo berriak asmatzen zituzten edota medikuek beraiek torturatzen zuten” (El País, 2015-06-11).

Hori ibili nuen bueltaka Eusko Jaurlaritzaren gutuna jaso nuenean. Momentuz, hasi besterik ez naiz egin eta ez dut gure paperetan ezer asko aurkitu. Baina ez dago asko ikertu beharrik Zestoan ere torturatu franko izan zela jakiteko. Euskal Memoria Fundazioaren datuetan, torturatuak izandako 19 zestoar ageri dira. Badakigu gehiago ere badirela. Eta horiei gehitu beharko litzaieke bestelako tortura klaseak pairatutako zestoarren zerrenda. Akaso ez al da, bada, tortura, esate baterako, norbait hankak tirokatu eta bide bazter batean uztea?

Luis Roldan, Guardia Zibilaren zuzendari ohia, etorri zitzaidan burura gero; zein lotsagabe justifikatzen zuen tortura: “Norbaitek uste du gogorkeriarik erabili gabe deklaratzen dutela deklaratzen dutena? Zenbat bizitza salbatu ote dira tortura bidez lortutako aitorpenei esker! (…) Epaileen, militarren, fiskalen… bizitzak”. Horrek torturari bai, esan nahi du? galdetzen dio kazetariak. Eta Roldanek: “Abstraktuan, ikuspuntu intelektualetik, ezezkoa esango nizuke, baina norbaiten bizitza salbatzeko beste norbait torturatu egin behar bada, baietz esango nizuke”. (El País, 2013-11-17). Hitzik gabe geratu nintzen.

(Argazkia: Amnistía Internacional denuncia prácticas de tortura en 141 países. El País, 2014/05/12)

Addenda

Egun hauetan ari naiz irakurtzen Jorge Semprunen Ejercicios de supervivencia. Semprun Espainiako Kultura ministro izan zen Roldan Guardia Zibilaren zuzendari izan zen garai beretsuan. Hara zer dioen, Jean Amery-ren Mas allá de la culpa y la expiación liburuko pasarte baten hausnarketa egiten ari delarik (Amery, Semprun bezala, naziek harrapatu eta torturatua izan zen):

Entsegu berean aldarrikatzen du [Ameryk], hain zuzen, ‘torturatua izan den hura ez dela gai, aurrerantzean, munduan etxean bezala sentitzeko. Ezerezean uztearen laidoa [ultrajea] ezin daiteke gainetik kendu. Munduarekiko konfiantza, lehenengo kolpeak zartatzen duena eta azkenean torturak guztiz itzaltzen duena, berreskuratu ezinezkoa da’. (…) Nire esperientzia pertsonalak, berriz, [dio Semprunek] erakusten dit ez dela izango biktima baizik-eta borreroa –hori salbatzen bada, etorkizuneko bizitza baldin badu, nahiz eta anonimoa eta itxura batean trankila izan– bera dela ez dena sekula gehiago sentituko munduan etxean balego bezala; nahiz eta esanak esan, nahiz eta itxurak egin”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide